argia.eus
INPRIMATU
ANCk politikaririk gabeko zerrenda subiranista aurkeztea adostu du
  • Irailaren 27ko hauteskunde autonomikoetan gizarte zibileko pertsonez soilik osatutako zerrenda aurkeztea adostu du Kataluniako Asanblea Nazionalak. 

Garazi Zabaleta 2015eko uztailaren 08a
Kataluniako gizarteko sentsibilitate ideologiko anitzak bildu beharko ditu zerrendak ANCren iritziz (argazkia: ara.cat)

Artur Mas Generalitateko presidenteak eskatu zuen hauteskundeetara mugimendu independentista guztia bilduko duen zerrenda aurkezteko. Eskari horri erantzuna emanez, eta “eztabaida autonomikoetatik haratago” joateko helburuarekin, ANCk politikaririk gabeko zerrenda aurkeztea onartu du, gizarte zibileko pertsonez soilik osatutakoa.

ANCk zabaldutako komunikatuan adierazi du zerrendak Kataluniako gizarteko sentsibilitate ideologiko anitzak bildu beharko dituela, eta “prozesu independentistak segurtasun juridiko eta nazioarteko errekonozimendua” izateko pausoak eman beharko dituela: “Independentziaren aldeko zerrendak indar subiranisten eta gizarte zibilaren batasunaren isla izan behar du”.

Ominum Culturalek egin zion politikaririk gabeko zerrenda aurkezteko proposamena Asanblea Nazionalari. Hasiera batean zalantza handiak izan badituzte ere, luze joandako bileraren ostean, onartu egin dute.

Urtarrilean ERC eta CDC alderdiek zerrenda ezberdinetan aurkeztea erabaki zutenean alde batera gelditu zen independentziaren aldeko hautagaitza bateratuaren aukera. Azken erabaki horrekin, ordea, irailaren 27rako ehun egun baino gutxiago gelditzen direnean, aldatu egin da hauteskundeei begirako mapa Katalunian.