argia.eus
INPRIMATU
ANCk hiru martxa handirekin erantzungo dio Gorenaren epaiari
  • Hiru egunez zehar egingo dira ibilaldiak, guztira 100 bat kilometro, eta hiruek Bartzelonan egingo dute bat hirugarren egunean. Denbora tarte horretan Kataluniako errepide garrantzitsuenak bete nahi dituzte antolatzaileek.

ARGIA @argia 2019ko irailaren 30

Oraindik, dena dena, ez dituzte publiko egin ibilbideak. Lehen bi egunetan 40 kilometroko ibilaldiak egingo dira, eguerdira arte 20 eta beste 20 arratsaldez. Hirugarren eguneko martxa 20 kilometrokoa izango da, David Fernandez ANCko idazkari nagusiak jakinarazi duenez.

Erantzun gisa, halaber, ANCk manifestazioa ere deituko du Bartzelonan, Betevé Bartzelonako hedabide digitalak jakinarazi duenez. Elkarrizketan, Fernandezek gogor kritikatu ditu alderdi politikoak, bereziki hauteskundeetara elkarrekin ez doazelako, “hori litzateke ANCren nahia”. Alderdiei dagokienez, asteburuko berria izan da lehenbiziz CUP Espainiako hauteskunde orokor batzuetara aurkeztuko dela "uneak dituen berezitasunak hala eskatuta".

Ekintza gehiago ere planifikatuak dituztela esan du Fernandezek, baina oraindik ezin dela horien berri eman. Ekintza eta ekitaldi ugari aurreikusten dira epaiari erantzuteko. Tsunami Demokratikoaren segilupean zabaldu den beheko kartel hau, esate baterako, asko zabaltzen ari da eta herritarrei adi egoteko dei egiten die, besteak beste, jakiak gainean eramateko eskatuz: "porta provisions".

Urriaren 1ean ere ekitaldi ugari

Erreferenduma egin zela bi urte bete direnean, ANCk manifestazioa deituko du Bartzelonan astearte arratsaldez. Edonola ere, ez da ekitaldi bakarra izango eta Katalunian osoan egingo dira urriaren 1eko erreferenduma eta orduan jasandako errepresioaren gorazarre eta salaketa. Horietako une berezienetakoa Lledonerseko espetxekoa izango da: arratsaldean inguruko herrietatik martxak egingo dira eta bertan, 21:30ak aldera, ANCk eguneko ekitaldi Nagusietakoa egingo du, Elisenda Paluzie erakundeko lehendakariaren hitzaldiarekin. ANCk azaldu duenez, eguneko helburu nagusietakoa da erreferenduma posible egin zuten herritarrak haien artean biltzea.

 

 

 

Argazkia: Betevé