argia.eus
INPRIMATU
Anbulatorioko kartelak gaztelania hutsean egotea justifikatu du zuzendariak
  • Bilboko San Adrian anbulatorioan hainbat kartel gaztelania hutsean daudelako kexatu da herritar bat, eta harrigarria da osasun zentro publikoaren pertsonal-zuzendariarengandik jaso duen erantzuna: kartelak EAEtik kanpoko entitate batenak badira, “eta edukia garrantzitsua bada”, gaztelania hutsez egon daitezkeela, “gure aburuz testuaren hizkuntzaren kariaz ezin baitugu langileria eta herria informazio garrantzitsurik gabe utzi”.

Mikel Garcia Idiakez @mikelgi 2017ko ekainaren 27a

Nonbait, informazio garrantzitsu hori langile eta herritarrek gaztelaniaz baino ez jasotzea ez da arazoa, zentroarentzat. LAB sindikatuko Osasungintzan Euskaraz taldeak salatu du gertaturikoa, eta gogoratu du Osakidetzaren Euskara Planak hain juxtu kontrakoa dioela, alegia bi hizkuntza ofizialak erabiltzeko irizpidea nahitaez bete behar dela, “baita Osakidetzatik kanpoko elkarte edo erakundeek korridore, kontsulta, itxarongela edo Osakidetzako bestelako tokietan jar ditzaketen kartel guztietan ere, osasunari, segurtasunari edo kalitateari buruzkoak direlarik ere”.

Osakidetzako hainbat arduradunek euskararekiko duten arduragabekeria kritikatu du taldeak. “Noiz jarriko ditu Osakidetzak euskararen erabilera normalizatzeko beharrean sinesten duten arduradun eta zuzendariak?”, gaineratu du.