argia.eus
INPRIMATU
Anasagastik onartu du EiTBko tertulien ordaina jenerotan kobratzen saiatu izana hainbat aldiz
  • EAJko politikari ohiak aitortu du etxeko sukaldeko erreformaren gastuak edo jatetxeko otorduak kobratzen saiatu zela EiTBko tertulien ordainketa gisara, Hala Bedi Irratiaren arabera. Prime Time Media ekoiztetxeak ez omen zuen onartu.

ARGIA @argia 2019ko maiatzaren 23a
IƱaki Anasagastik hainbat ardura izan ditu EAJn urteetan, eta En Jake saioaren tertulietan parte hartzen du. Argazkia: Zuzeu.eus

Hala Bedik asteazkenean jakinarazi zuen Iñaki Anasagasti EiTBko En Jake saioaren ordainketak jenerotan kobratzen saiatu zela 2016an, ordainketak ez fakturatu eta deklaratzeko. E-posta bidezko mezu bat argitaratu du irrati libreak. Bertan, ikus daiteke EAJko politikari ohiak Prime Time Media ekoiztetxeari proposatu ziola telebista-aparailu bat erosi ziezaiola El Corte Ingles saltokian.

Anasagastirekin izandako elkarrizketa baten berri eman du orain Hala Bedik. Irratiaren esanetan, Anasagastik onartu egin du tertulien ordainketa jenerotan jasotzeko saiakera, baina ekoiztetxeak ez zuen onartu: “Nik bai eskatu niela tipo haiei, baina inoiz ez zidaten eman”. Politikari ohiak Hala Bediri azaldu dio Prime Time Media ekoiztetxea lehenago 3Koma izan zela, eta bere anaia izan zela sortzaileetako bat. Jenerotan kobratzen saiatutakoaren zerrenda luzea da: Barakaldoko Max Centerren eta FNACen erosketak; jatetxeetan otorduak ordaintzea berarentzako eta gonbidaturen batentzako; eta etxeko sukaldearen erreforma lanak.

Irratiaren arabera, egia balitz Prime Time Media ekoiztetxeak ez zuela Anasagastiren proposamenik onartu, horrek esan nahiko luke politikari ohiak musu-truk hartu zuela parte En Jakeren tertulietan, ohikoa 150 euro inguru kobratzea denean.

EH Bilduren galderak EiTBri

Hala Bedik jakinarazi du EH Bildu koalizioak galdera sorta bat erregistratu duela, Maite Iturbe EiTBko zuzendariari zuzendua. Informazioaren egiazkotasunaz galdetzen du koalizio Abertzaleak, eta hala izatekotan EiTBk ekoiztetxeari neurriak eskatzeko asmorik duen, besteak beste. Erantzutera beharturik dago Iturbe.