argia.eus
INPRIMATU
Anarruek Bakioko kaleak hartuko dituzte berriro ere, hamarkada luzeen ostean

Anartz Ormaza Ugalde dantzan.eus 2024ko otsailaren 09a

Inauteri eta aratusteen atarian gaude. Urtero legez, (oraindik ere, behintzat) fisikoki ziklikoa izaten jarraitzen duen urtaroen sasoi honetan murgilduta. Oraindik ere negua bada ere, honen amaiera usaintzen hasten garen garaia.

Hasi dira kuadrilletako whatsapp taldeetan aurtengo mozorroari buruzko eztabaida eta erabakiak. “Zertaz goaz aurten?”. Berdin da parranda herrian botako den, edo eskualdeko herriburua den ondoko herrian, edo hiriburuan. Garrantzitsuena, gaia aukeratzea. Gero gerokoak.

Badaude urtero erosotasunaren bidea hartzen dutenak (klasikoetara jotzen dutenak (pailazo, hippie, bakero…), aurreko urteren bateko mozorroa berrerabilita) edo urtero originaltasuna bilatzen dutenak (modan dagoen seriearen pertsonaiak, urteko albiste famatuari erreferentzia egiten dioten mozorroak,…). Eta gero, baina aparte, aurreko guztiarekin guztiz bateragarria dena, jakina, Euskal Herriko txokoren batera txangoa egiten dutenak ere badaude, bertako berezko inauteriak ikustera doazenak. Tradizionalak, autentikoak. Gauza batek (hippiez mozorrotutako larunbateko parrandak), bestearekin (aratuste “tradizionalekin”), zerikusirik ez balu bezala.

Gaur egun gertatzen den moduan, lehengo gizarteak ere arrisku askori aurre egin behar izaten zion, haren biziraupena bermatzeko. Haien arrisku handiena (handienetakoa, bederen), neguaren betikotasuna zen. Orain 10.000 urteko nekazaritza-iraultzaren ondoren lurrari eta honen ereiteari lotuta bizitzeko hautua egin zuen homo sapiensarentzako bai, behintzat. Negua luzatuz gero, haien biziraupena kolokan zegoen. Behar beharrezkoa zuten lurra berriro emankorra izatea, lurra berriro landu ahal izatea. Horregatik, urtero-urtero, ziklikoa zen borroka baten aurrean topatzen zuten haien burua: negua eta udaberriaren arteko borrokan, bizitza eta heriotzaren artekoan. Kaosa eta ordenaren arteko talkan.

Sasoi batean, oraindik oso presente zegoen hartzak, haren negualditik izartzean iragartzen zuen neguaren amaiera, menditik herrira bajatzen zenean. Orduan ziren herritarrak jakitun, neguaren amaiera gertu zegoela. Orduan pizten ziran, eta oraindik ere herri askotan dira, erritu eta konjuruak, negua urrundu eta udaberria erakartzeko: aratustearen ordua da.

Gauza jakina da enkantu eta erritu hauek antzekotasun handiak dituztela leku gehientsuetan, mendi magaletako Europa zabaleko eremu askotan bai bahintzat. Aurre egin beharreko arazoa berdina eta amankomuna zen han eta hemen, eta. Eta Bakion, jakina, garai batean, horrela izaten zen ere.  Bertan ere urte luzez ospatu izan zen aratustea. Berezkoa, bertakoa.

Anarruak eta Anarru eguna Bakion

Aratuste garaia heltzen zenean, Bakion anarruak irtetzen ziren kalera, baserri eta auzoetako bideetara, iluntasuna lagun. Bakion aratuste eguna anarru eguna zen, egun galtzeko zorian dagoen (edo egon den) bertako berba. Adineko bakiotar askok, zorionez, oraindik ere gogoratzen dutena.

Gure txatxo, mozorro, kokomarru edo marruak, hortaz, anarruak dira. Alde batetik, orain eta lehen ere Bakion pertsona nagusiei egindako elkarrizketetan batuta dago, anarrua, mozorroari berari esaten zitzaiola (“anarrua jantzi”, “anarrua erantzi”,... erabiltzen zuten). Eta anarrua esaten zitzaion, baita ere, anarrua edo mozorroa janzten zuen pertsonari, pertsona mozorrotuari, alegia. Anarrutu berba ere jasota dago, lekukotzen artean, mozorrotu (zomorrotu) esateko.

Anarru eguna berez, martitzena zen (inauteri asteartea), nahiz eta testigantza batzuetan jasota egon, “batzuetan domekan anarrututen zirala, errazago jakelako” (martitzena lan eguna zelako).

Elkarrizketatu dugun 84 urteko Juan Ormaza aita ere, anarru jantzita irten zen umetan, “15 urterekin edo umeago ere”. Beti ere aurpegia estalita (“kalabaza hustu eta burutik sartuta ere noiz edo noiz”), parean topatzen zuen edonor beldurtzeko asmoarekin.

“Neu be urtenda nau anarru, anarru jantzitxe. 15 urtegaz edo umiau bere. Lehen ezan egoten argirik. Etxera bidien anarru egunien jakin izeten zendun edonon anarru bet urten lekitzule. Kalabaziegaz edo edozelan jantzitze, jentie ikeratuteko. Argidxe ezan egoten, ezendun jakitxen nor izeten izen dan, arpixe tapea eta...”.  Juan Ormaza Renteria (1940) / 2020.02.23

Maria Angeles Zabalaren esanetan, bera umea zenean (87 urte beteko ditu aurten) “aitarengana etortzen zen urtero bat, anarru jantzita. Sekula ez dugu jakin nor zen. (…/…). Aurpegia estalia ekartzen zuen, eta arropa zaharrekin jantzita”.

“ Anarrue niretzako da pertsona bat (erderaz esangot) disfrazagaz imindxe. Orduen esaten gendun “anarru jantzitxe dator”. Eta aitxeñe etorten zan urtero, bat, anarru jantzitxe. Sekule ez du jakin  nor zan. Iguel aitxek bai baie guk ez. Erpeidxe tapeta ekarteuen, eta bueno, ba erropa zaharrak ta halan jantzitxe.” Maria Angeles “Txikitina” Zabala Larrazabal (1937) / 2024.01.12

 

Maria Angeles Zabala Txikitina eta Juan Ormaza bakiotarrak testigantza ematen (2024/01/12). Maule Productions.
Maria Angeles Zabala Txikitina eta Juan Ormaza bakiotarrak testigantza ematen (2024/01/12). Maule Productions.

Idatzizko bibliografian ere jasota dago Bakioko anarru eta anarru eguna. Jasota dago, alde batetik, Euskaltzaindiak argitaratzen duen “Euskararen Herri Hizkeren Atlasean”. Karnabal berbari buruzko mapan, jasota dago “anarru egun”, eta honakoa aipatzen da legendan “Bakio: anárruegun hitz zahartzat dauka lekukoak: Anarru jantzita ta, arpeie tapáute ta juergan… dio”.

Euskararen Herri Hizkeren Atlasa - Anarru eguna
Euskararen Herri Hizkeren Atlasa - Anarru eguna (Euskaltzaindia)

Eusko Ikaskuntzak argitaratzen duen “Jentilbaratz. Cuadernos de Folklore” aldizkariko  “Haur folkorea Euskal Herrian” alean ere, aipatzen da anarrua. Are gehiago, J.E. Larrinagak 1986an Bakion bilduriko lelo bat ere jasotzen du, Bakioko Urkitza baserriko Txomin Uriarteri hartutakoa:

“Anarru prakagorri

El día de carnaval,

Comía muchas tostadas

Y no podía cagar”. 

Hortaz, badugu oinarria gure berezko inauteria, Anarru eguna, eta honetako pertsonaia, anarrua berreskuratu eta geure aratuste herrikoi propioa egituratzeko. Eta hori da aurten Bakioko herriak, Itxas-Alde Dantza Taldearen gidaritzapean, egingo duena: beste txoko batzuetako inauteriak erreproduzitzeari utzi (alde batetik oso lagungarriak izan zaizkigunak aratusteen funtzionamenduan murgiltzeko eta sistema ulertzeko), eta gureari ekin. 

Anarruak eta gainerako pertsonaiak

Esan bezala, anarrua izango da Bakioko aratusteetako protagonista. Ezinbestean aurpegia estalita eramango duena, eta Bakion bertan jasotako koplatxoak dioena aitzaki hartuta, fraka gorriak jantziko dituena. Hori izango da gure bereizgarria: fraka gorriak.

Gauza jakina da, gainera, gorri koloreak inauteriekin (eta honen konjuru eta ekanduekin) duen harremana. Urbeltzek berak aipatzen du "Danza vasca: aproximación a los símbolos" liburuan, gorria gosearen eta izurriteen kolorea dela. Zeren negua garai bateko gizarteak zuen arrisku handienetakoa bazen, izurriteak (eta jakina, zomorroak) ez ziren gutxiagorako. Neguaren aurkako borroka, izurritearen aurkako borroka ere bazen, modu bateko edo besteko zomorroak etsai zituena (luze idatzi da mozorro eta zomorro hitza bera dela, txanpon bereko bi aldeak. Mozorrotzea, zomorrotzea, zomorro bihurtzea baita). Gorria gosearen kolorea da, gosea handia denean “gose gorria” delako, negua latza denean “negu gorria” den moduan. Horregaitik, “Petiri-Santz”ek ere (gosearen, miseriaren edo ezbeharraren pertsonifikazioak), fraka gorriak janzten ditu.

Anarruak. Errekreazioak eta sortutako irudiak. Aukera posibleak.
Anarruak. Errekreazioak eta sortutako irudiak. Aukera posibleak

Anarrua ez da ordea, Bakioko Anarru eguneko pertsonaia bakarra izango. Protagonista bai (berak ematen dio izena egunari eta), baina ez bakarra.  Anarruen gaiari tiraka, bidean, beste pertsonaia edo izaki batzuen berri ere izan dugu: iditxuak. Elkarrizketatutako herritarren arabera, iditxuak gaueko iratxoak dira, mamarroak. Pizti edo animalien itxura hartzen dutenak, eta batzuetan ahotik sua dariela irudikatzen direnak. Beldurra eragiten duten izakiak dira. Ez da bakarrik Bakion jasota dagoen izakia, baina. Inguruko beste herri batzuetan ere (Bermeon, Mungialdean,..) ere jasota daude hauen gaineko istorio eta kontakizunak. Joxe Miel Barandiaranek ere eman zuen hauen berri, “Obras Completas” lanean, astoa, txerria edo aker beltzaren itxura egotzita. Beti ere, animalia itxura hartuta.

“Umieri, amak esatezkun: zu, kontuz! Handik ez joan iditxuek urten barik! Iditxuek zer diez? Eztakizu. Animalidxen antzekoak iguel, fantasmie… edozer!”. Juan Ormaza Renteria (1940) / 2020.02.23

Hortaz hor genuen Anarru egunari gehitzeko (eta berau osatu edo aberasteko), adar eta larruekin jantzitako animalia forma hartzen duen izakia (beste hainbat eta hainbat inauterietan agertzen denaren bezalaxekoa): iditxua. Hauek ere Bakioko kaleetara irteteko prest daude!

Eta jakina, Bakioko Anarru egunean ez dira faltako aratuste askotan, hemengo eta hemendik kanpokoetan ere, ezinbestekoak diren beste elementu eta pertsonaia batzuk ere: neguaren amaiera iragartzen duen hartza (eta honen hartz-jagolea), mahatsorria eta artaburuak (mahats-orriz eta arto-hostoz estalita doazenak (Bakiok artoarekin ere harreman estua du, herrian artoarekin (eta gariarekin ere, jakina) irina egiten zuten hogeitik gora errota egon ziren garai batean)), buztanekin bidea irekiko duten arranak, ezkonbarriak,…

Anarru eguneko beste pertsonai batzuk: iditxua, artaburua, mahatsorria. Sortutako irudiak.
Anarru eguneko beste pertsonai batzuk: iditxua, artaburua, mahatsorria. Sortutako irudiak.

Joseostu lapurra

Aratuste askotan errepikatzen den erritua da, herriko gaitz guztien erantzule egiten den pertsonaiaren harrapatzea, epaiketa, zigortzea eta heriotza (izan tirokatzea, erretzea, edo errekara bota eta itotzea…). Aski ezagunak dira Lantzeko Miel Otxin edo Zalduondoko Markitos, baina asko dira, herri desberdinetan, epaitu eta heriotzara kondenatzen diren panpina baten gorpuzten diren gaizkile edo lapurrak.

Iñaki Martiartu herriko ikertzaile nekaezina dugu, eta urte luzeak daramatza hango eta hemengo artxibategi eta liburutegiak arakatzen. Ezin aipatu gabe utzi, dantzari nekaezina ere badela. Izan ere, Bakioko Itxas-Alde Dantza Taldeko dantza maisua izan zen urte luzez (eta taldea elkarte moduan ofizializatu zenean, 1986an, honen lehendabiziko lehendakaria ere izan zen). Oraindik ere, taldetik beti gertu dugun pertsona da berau. Hamarkada bi baino gehiago daramatza Bakioko toponimia sakon ikertzen, eta hau jasotzearekin batera, bide batez, zenbatezina da Bakiori buruz jaso duen denetariko informazio andana. Anarru egunari eta honen osaketari buruz ere aritu gara berarekin (bere ezagutza ezinbestekoa izan da), eta bere bitartez jakin izan dugu bere garaian ospea izan zuen Bakioko lapur baten berri: Joseph de Ormaza.

Joseph de Ormaza XVIII. mendearen erdialdean bizi izan zen bakiotarra zen, Bakio eta inguruko herrietan lapurtzen eta beldurra zabaltzen ibili zen gaizkilea. Holako batean atxilotu egin zuten, eta 10 urteko zigor militarra ezarrita kartzelatu zuten. Baina 1755ean espetxetik ihes egin zuen. Handik eta gutxira, berriro ere harrapatu zuten, eta orduan bai, heriotzara kondenatu zuten. 1756ko urriaren 25ean fusilatu zuten, 22 urte zituela. Joseostu moduan izendatu dugun lapurra egingo dugu herriko gaitz guztien erantzule, eta honen epaiketa, zigorra eta erretzearekin emango diogu amaiera Anarru egunari. Haren inguruan, egunerako beren-beregi sortu dugun musikarekin moldatu dugun Anarruen zortzikoa dantzatuko dugu.

Txakolina eta zahagi- dantza

Bakioko berezko ezaugarrietan sakontzen jarraituz gero, badago gure-gurea den zerbait, Bakio bere mugetatik haratago ezagun egiten duena: txakolina. Bilbainada ezagunak beti gogorarazten duen bezala: «Sardinas las de Santurce, merluza la de Bermeo, txakoli gorri de Bakio y los tomates de Deusto».

Garai batean herriko baserri gehienek egiten zuten txakolina Bakion, baina XIX. mendeko eta XX. mende hasierako izurrite desberdinek (filoxerak, artzuriak,…) Bakioko mahastiak asko murriztu zituzten, momentu baten ia desagertzeko zorian ere egon zirelarik. Adibide bat jartzearren, XX. mendeko 20. hamarkadan, Bakioko Barturen baserrian 16.000 litro inguru egiten ziren. Hamar urte beranduago, apenas egiten ziren litro gutxi batzuk familia barruan edateko. Zorionez, egun biziberrituta dago txakolinaren ustiatzea herrian: hiru dira txakolina modu profesionalean ekoizten duten upategiak, eta badaude oraindik txakolina kontsumo propiorako egien duten baserri batzuk ere.

Bakioko txakolin mahastiak.
Bakioko txakolin mahastiak.

Hau guztia horrela izanda, ezinbestean egin dugu lotura hainbat inauterietan dantzatzen diren zahagi-dantzekin.  Ardoaren, zahagien edo zahatoen presentzia ohikoa da inauteri eta maskaradetan.  Alde batetik, zomorroek (eta hortaz, mozorroek) ardoa gustuko dutelako, eta hauek erakartzeko (sarritan ordainsari moduan ere erabilia) ezinbesteko elementua delako. Horretaz gain, Urbeltzek aipatzen dituen aratusteetako beste pertsonaia puztu batzuekin gertatzen den moduan (Ziripot, Zaku-zaharrak…), ardoz betetako zahagiek ere intsektuen larbak sinbolizatuko lituzkete, zomorroen jatorria, izurriteen sorburua… Eta horregatik jo eta jo egiten dira,  lurrera hilda jausten diren arte. Horregatik egingo dugu Bakion ere zahagi-dantza, izurria mahatsondoetatik urrun mantentzeko.

XIX. mendeko prentsan filoxeraren izurriteari buruz argitaratutako ilustrazio binetak (1879 eta 1885) (cc)
XIX. mendeko prentsan filoxeraren izurriteari buruz argitaratutako ilustrazio binetak (1879 eta 1885) (cc)

Itxas-Alde dantza taldean, 70. hamarkadatik hona dantzatu izan den zahagi-dantza Aranokoa da (ez galdetu zergatik, baina). Hori egin dugu berezkoa azken 50 urteetan. Hortaz, Anarru egunean egingo dugunak, zahagi-dantzen molde hori jarraituko dugu, beren beregi egun horretarako sortutako musika eta aldaerekin gure (gureago) egingo duguna, jakina.

Zabalkundea eta gizarteratzea

Guzti honen berri emateko, herriari ikerketa eta berreskurapen lan hau zabaltzeko, eta herria bera honen parte ere egiteko, Bakioko Udalarekin eta Maule Productions-ekin elkarlanean hainbat ekimen garatu dira azken asteotan: urtarrilaren 19an Itxas-Alde dantza taleak hitzaldia eman genuen Txakolingunean; herritar ume eta gazteei, eta baita garai bateko anarruen lekuko izan ziren herriko adindunei testigantzak grabatu zaizkie, eta sareetan zabaldu dira; Anarru egunerako trailerra prestatu, grabatu eta zabaldu da; otsailaren 2an edozein herritarrek anarruen zortzikoa ikasteko dantza ikastaroa egin da; anarru  janzteko irizpidek zabaldu dira herritarrei anarrutzeko gonbita luzatuz,…  guztia herritarren interesa piztu, hauen parte-hartzea sustatu eta herriarena den ondare honen kudeaketa, apurka herriak bere egin dezan. Aurten Itxas-Alde dantza taldeak gidatuko du Anarru eguna, berau berreskuratzeko lehen hazia landatuko da. Baina hurrengo urteei begira, beste elkarte, herritar eta ekintzaileen parte-hartzea sustatuko da, hazi hori sakon eta egonkor errotu eta loratu dadin, herriak Anarru eguna bere egin dezan.

2024ko otsailaren 17an, hamarkada askoren ostean, anarruek Bakioko kaleak hartuko dituzte berriro ere: Tabernaldeko frontoian hasi, eta herriko errekak egiten duen ibilbidea egingo dute, intsektu edo zomorroek haien bizileku duten ur bazter ondotik. Udaletxeko plazan zahagi-dantza egiteko geldiunea egin ostean, Arezabaleko plazan emango zaio amaiera Anarru egunari, Joseosturen erretzearekin, eta honen inguruan dantzatuko den anarruen zortzikoarekin.

Ondarearen transmisioaren haria, atzera bueltarik gabe eten aurretik berriz lotzea lortu dugu oraingoan. Ia korapilo berri hau urte luzez sendo lotuta eusteko gaitasuna dugun, eta ahazteko zorian izan ditugun berezko berba eta tradizio hau, eguneratuta eta bizirik mantentzeko moduarekin asmatzen dugun.

 

Iturriak:

(1) Iñaki Prieto Martiartu Bakioko ikertzailearekin solasaldiak eta honek urte luzez jasotako informazioa eta testigantzak. Tartean, Mari Karmen Azkorra eta Modesto Bartureni elkarrizketa (2005).

(2) Juan Ormaza Renteria eta Mari Angeles Zabala Larrazabal Txikitinari egindako elkarrizketak (2020, 2024).

(3) Euskararen Herri Hizkeren Atlasa (EHHA). Gaia: urteko jaiegunak. 347. mapa, 158. 159. or.

(4) Dueñas, Emilio Xabier, Larrinaga, Josu Erramun (2011). Jentilbaratz. Cuadernos de Folklore. Haur Folklorea Euskal Herrian. Irakaskuntzako materialak. (J.E. Larrinagak Txomin Uriarte Intxaustiri egindako elkarrizketa (1986)).

(5) Dueñas, Emilio Xabier (1999). La tradición carnavalesca en Bizkaia  Euskonews (20. Zbk),

(6) Urbeltz, J.A.  (2001). Danza vasca (aproximación a los símbolos).