argia.eus
INPRIMATU
Anarik ostegunean jasoko du 2018ko Adarra Saria
  • Musikaren Nazioarteko Egunarekin bat eginez, Victoria Eugenia Antzokian emango duen kontzertuaren aurretik jasoko du saria musikariak. Adarra Saria jaso duen lehen emakumea izango da.

ARGIA @argia 2018ko ekainaren 20a
(Argazkia: Dani Blanco)

Denbora da sarrerak agortu zirela Anari Alberdik (1970, Azkoitia) Adarra Saria jaso ostean emango duen kontzerturako. Ostegunean, ekainak 21, 20:00etan ekingo dio Anarik bere ibilbidea errepasatuko duen zuzenekoari. Ondoan izango ditu, gonbidatu bezala, bere musikari ibilbidean gertu izan dituen hainbat musikari. Hala nola, Pello Ramirez, Xabier Strubell, Jon Oiartzun, Maite Arroitajauregi Mursego, Petti, Beñardo Goietxe, Borja Iglesias edo Ager Insunza.

Victoria Eugeniko kontzertuaren aurretik, Eneko Goia Donostiako alkatearen eskutik jasoko du saria Anarik: Marijose Rekalde eskultoreak bere musikan oinarrituta egindako trofeoa.

Adarra Sariaren bosgarren edizioa izango da aurtengoa. Lehen edizioan, 2014an, Mikel Laboa izan zen saritua; 2015ean, aldiz, Ruper Ordorika; 2016an Benito Lertxundi; eta iaz Fermin Muguruza. 2018ko edizio honekin Anari Alberdi bilakatuko da Adarra Saria jasoko duen lehen emakumea.

Edurne Ormazabazal Tabakalerako zuzendariak, Amaia Ispizua musika sustatzaileak eta Esther Fernandino Donostia Kulturako Musika Unitateko teknikariak osatutako komiteak eman dio Anariri aurtengo Adarra Saria, Euskal Herriko musikagintzari egindako ekarpenagatik.

Bi hamarkadako ibilbidea

Musikaren esparruan lehen pausuak Psych Out taldeko bateria-jotzaile bezala eman bazituen ere,  1997an debutatu zuen bakarlari modura Anarik, Esan Ozenki zigiluarekin argitaratutako bere disko homonimoaz. Lan honi jarraipena eman diote Habiak (Esan Ozenki, 2000), Zebra (Metak, 2005), Irla Izan (Bidehuts, 2009), Zure Aurrekari Penalak (Bidehuts, 2015) eta Epilogo bat (Bidehuts, 2016) diskoek. Lan horietaz gain Pettirekin batera grabatutako Anari eta Petti (Metak, 2003) splita, eta hiru zuzeneko disko ere baditu: Anari Kafe Antzokian Zuzenean (Bidehuts, 2008), 2007ko Martxoaren 31ean Bilboko Kafe Antzokian (Bidehuts, 2007) eta Bidea eta Denbora (Bidehuts, 2013). Hainbat bilduma eta kolaboraziotan ere parte hartu du.

Bidehuts disko zigiluaren sortzaileetako bat ere bada. 2007an ekin zioten proiektuari Anarik eta Lisabö, Inoren Ero Ni eta Hotel taldeko kideek, beraien lanei bidea eman asmoz.  

Anariren zenbait zuzeneko abesti