Añorgan buru-belarri dabiltza energia burujabetza lortzeko lanean. Añargi energia komunitatea sortzeko proiektua abiatu zuten iaz, eta proiektuaren aurkezpena egin zuten asteazkenean auzoko museoan. Aurkezpenean hizlari lanetan aritu zen Mikel Alkortak nabarmendu du 35 bat lagun joan zirela aurkezpenera, eta “lehenengo inpresioa ona” izan zela.
Goienerrek energia komunitate bat sortzeko eskaintzen dituen zerbitzuen berri eman zuten, komunitatea egituratzeko sortu duten kooperatibaren nondik norakoak azaldu zituzten, garatzen ari diren proiektuen berri eman eta proiektu berriak nola sortu daitezkeen azaldu zuten eta Añargitik sortzen duten energiaren banaketa nolakoa izango den kontatu zuten.
Proiektuei dagokienez, Ikastolen Elkartean egingo dutena izango da lehenengoa, eraikinean plakak jartzekoak baitira. Ordea, jabetza pribatuko etxebizitzetan ere jarri daitezke plakak, eta Alkortak eman beharreko pausoak azaldu zituen. Lehenik eta behin, etxean bideragarritasun ikerketa bat egin behar da, eta baita kontsumo ikerketa bat ere. Ondoren, ahalik eta energia gehien sortzea da komunitatearen estrategia, “ahalik eta energia gehien eskaintzeko komunitateari”. Bazkide izateko eman beharreko pausoen berri ere eman zuten, eta komunitatekoekin edo Añorga Txikitarrak auzo elkartearekin harremanetan jarri daiteke xehetasun gehiago jasotzeko.
Bestalde, gogorarazi zuten Añargin sortzen duten energia horrela banatzeko asmoa dutela: %10 pobrezia energetikoari aurre egiteko, %30 bazkide kontsumitzaileentzat, %30 proiektua finantzatzen lagundu duten bazkide kontsumitzaileentzat eta %30 kooperatibaren gastuei aurre egiteko. “Beti ere, gero eta proiektu gehiago sortzeko, energia gehiago sortzeko eta gero eta burujabeago izateko”, nabarmendu du Alkortak.