argia.eus
INPRIMATU
Anaiz Funosas, Bake Bidea
“Onartu daitezkeen baldintzapeko askatasun horien aitzinean harresi bezala jokatzea deliberatu dute”
  • Jakes Esnal baldintzapean aske uzteari buruzko erabakia uztailaren 21era atzeratu dela jakin aitzin izan da ARGIA Anaiz Funosas Bake Bidearen bozeramailearekin –Ion Paroten kasuan, datorren astean jakinen da erabakia–. Badu 32 urte kartzelan direla. Pairaturiko egoera salatzeko eta hauen askatzea galdetzeko manifestazioa eginen dute larunbatean 17:00etan Baionan.

Jenofa Berhokoirigoin @Jenofa_B 2022ko ekainaren 09a
Mobilizazio fase berri bat abiatu zuen Bake Bidea-k urtarrilean (Argazkia: Bake Bidea) Bake Bidea

Ion Paroten baldintzapeko askatasun eskaera aztertu zuen maiatzaren 13an Parisko Terrorismoaren Kontrako Auzitegiak, seigarren aldikoz. Jakes Esnal presoarena, berriz, maiatzaren 19an aztertu zuen Parisko Dei Auzitegiak. Nola iragan ziren bi auzialdi horiek?

Fiskaltzaren aldetik ez da inongo aldaketarik ematen, Euskal Herriko egoera politikoa berriz ere ukatu du. Zalantzan jartzen da preso horien ateratzeko eskubidea, balizko arrisku batengatik –pentsa, Ionen kasuan, askatzea goizegi datorrela esan zuen fiskaltzak!–. Onartu daitezkeen baldintzapeko askatasun horien aitzinean harresi bezala jokatzea deliberatu dute, eta postura hori konfirmatzen ari dira audientzia batetik bestera.

Blokeo egoera horretan eta 32 urte daramatzatela preso, nola dira Parot eta Esnal?

Uste dut guk bezain argi dutela zer nolako blokeoaren aitzinean garen; badakite posizionamendu politiko baten adierazle dela blokeo postura hori. Orokorrago kokatuz gero –posizio berean dira Alain Ferrandi korsikarrarekin eta Jean-Marc Rouillan [Action Directe-ko sortzaileetarikoa] ere berriz preso sartzeko asmoa du fiskaltza antiterroristak–. Posizio finkoa dute, sistematizatua, eta azkenean, hastapenetik salatzen duguna begi-bistakoa da: ez da inongo kontsiderazio politikorik hartu, Euskal Herriko egoera politikoaren araberako politika penalik ez da martxan jartzen.

Fiskaltzak du blokeatzen aldi oro.

Gaur egungo testuinguru politikoaren baitan kokatzen ditu baldintzapeko askatasun horiek lehen instantziako auzitegiak, argiki kontsideratuz bake prozesuaren existentzia eta Euskal Herriko hautetsien, instituzioen zein gizarte zibilaren sostenguak. Baina oztopatzeko postura batean dago fiskaltza antiterrorista –preso horiek kalean liratezke ez balu dei egiten–.

Testuinguru horretan kokatzen da larunbateko manifestazioa.

Erabat, nahi dugu berriz ere gaia karrikaratu. Testuinguru berezi batean gara, non Frantziako gobernu berria osatu den eta Emmanuel Macron den berriz ere lehendakari. Auzi horiek direla eta, inportantea zaigu Euskal Herriko ahotsa entzunaraztea manifestazio baten bitartez. Argiki adierazi nahi diegu ondoko egunetan urgentziazko gaien artean sartu beharko dutela Euskal Herriko bake prozesuarena.

Frantziako Legebiltzarreko hauteskundeak ere ate joka ditugu. Hautagaiak interpelatu dituzue.

Agintaldi berri batean sartuko gara eta segitu beharko dugu lanean. Hautagaiek bake prozesuarekiko eta gurekiko engaiamendua berrestea inportantea zaigu, Parlamentutik ere eragin ahal izateko. Posizionamenduak publiko eginen ditugu. Horrez gain, posizionamendutik haratago, garrantzitsua zitzaigun hautagaiek argi ukaitea agendan sarraraziko dugun gaia dela bake prozesuarena.

Frantziako Justizia Ministerioarekin Euskal Herriko ordezkaritza bat biltzen zen. Zertan da elkarrizketa esparru hori?

Ordezkaritza hor da, baina elkarrizketa eten egin da, desadostasun sakon baten aurrean garelako eta egoera blokaturik dagoelako. Politika penala egokitzea eskatzen dugu, aurrera egin eta etapa berri batera pasa behar garelako. Baina zentzu horretan ez da momentuan aldaketarik eman. Elkarrizketa esparrua berriz martxan emateko beharra bada, egoera larri hau desblokeatzeko. Muturrerainoko egoera baten apustua egiten ari dira eta hori ezin da onartu.

Esnal eta Paroten baldintzapeko askatasuna onartu ala ez, zuen erantzuna araberakoa izanen da.

Erabat, eta horrela kokatu dugu auzia. Fase mobilizatzaile berri baten aldeko apustua iragarri genuen urtarrilean, eta desobedientzia zibiletik tiratzen dugu dinamika berri hori. Audientzia horiek duela guti finkatu ziren eta abisua eman genuen: preso horien egoera ixteko aukera bada; ez bada erantzun positiborik ematen ekintza handiago batetara joko dugu, uda honetan Ipar Euskal Herria blokatzearen apustua eginez.