Anaia Musulmanen burua atxilotu dute Egipton. Mohamed Badie, 70 urtekoa, Kairo ipar-ekialdeko Nasr hirian atzeman dute astearte goizean, estatuko agentziaren arabera, segurtasun indarrek bere ezkutalekuari buruzko informazioa jaso ostean.
Uztailean manifestariak hiltzera bultzatzea leporatu zioten Badieri eta abuztuaren 25ean da egitekoa epaiketa.
Egiptoko Barne Ministerioak Facebook bidez argitaratu du Badie atxilotuta agertzen den argazkia. Barne ministroak Al Masry Al Youm egunkariari jakinarazi dionez, astearte goizaldean egin dute atxilotze operazioa.
Mohamed Morsi presidente ohia ere atxilotuta dago eta ez da argitu non daukaten preso. Egiptoko fiskaltzak kargu gehiago leporatu dizkio, indarkeria sustatzea besteak beste.
Bien bitartean, Hosni Mubarak diktadore ohia kalera irten daitekeela dioten informazioak ugaritzen ari dira. Ustelkeriagatik zeuzkan karguak iraungi dutela-eta, “astea bukatzerako” kalean egon beharko lukeela adierazi du haren abokatu Fareed el-Deebek. Halere, 2011ko iraultzan manifestariak erailtzeagatik epaiketa garrantzitsua du zain oraindik.
Tentsioa ez da apaldu Egipton joan den astean estatuko segurtasun indarrek Anaia Musulmanen kanpalekuak bortizki desegin eta ehunka lagun hil ostean. Atzo Sinaiko penintsulan 25 polizia hil zituzten.