Eusko Ikaskuntzaren Batzar Nagusia egin zen larunbatean Donostian eta bertan Ana Urkiza Ibaibarriaga izendatu zuten erakundeko lehendakari. Erakundearen historiako 102 urteetan kargua hartu duen zortzigarren pertsona da, eta lehen emakumea. Iñaki Dorronsoro ordezkatu du.
Harekin batera, Kontseilu Errektoreko kide izango diren kargu hauek berretsi dira: Asier Etxenike (Arabako kontseilukidea), Zelai Nikolas (Bizkaikoa), Manu Olariaga (Gipuzkoakoa), Isabel Elizalde (Nafarroakoa) eta Eguzki Urteaga (Ipar Euskal Herrikoaa).
Hautatua izan ondoren, Ana Urkizak konfiantza eskertu du, eta etapa berriari hasiera eman nahi izan dio, kargua utzi duen presidenteak 2018ko azaroan Oñatin egin zen Eusko Ikaskuntzaren XVIII. Kongresuaren amaieran erabili zituen hitz berberak aipatuz: "Eusko Ikaskuntza hemen dago, sortu eta 100 urtera, ideiekin eta proposamenekin, Euskal Herriaren zerbitzura lan egiten jarraitzeko gogoz (...) ezagutza sortuz, gure egungo erronkak ulertzeko eta erantzunak emateko".
Eusko Ikaskuntzako lehendakari berriak adierazi duenez, ilusioz hartzen du erantzukizuna, talde lana eta Eusko Ikaskuntzak eskaintzen dituen ekarpen, ezagutza, iritzi eta sentsibilitate anitzak kontuan hartuta.
2020-2024 aldirako lan programak, batzarraren gehiengoak berretsita, Eusko Ikaskuntza Euskal Herriko gizartea eta erakundeak inplikatuko dituen herri estrategia bat garatzeko erreferente nagusi gisa kokatzea du helburu nagusi.
Ondarroan jaioa 1969an, Bankoa Credit Agricole finantza erakundean ari da lanean komunikazioa, formazioa eta euskara alorretan, eta literatura liburu ugari idatzi ditu, batez ere ipuingintzan. Hainbat hedabidetan idatzi ohi ditu artikuluak, besteak beste Argian.