argia.eus
INPRIMATU
Ana Beltran PPko buruzagiaren bodega, Nafarroako Gobernuaren zordunen artean
  • Bodegas Camilo Castilla bodegaren zuzendaritza darama PPko eledunak 1987tik eta 687.000 euroko zorra dauka. Nafarroako Ogasun sailak zordun handien zerrenda kaleratu du.

Euskalerria irratia @fm983irratia 2017ko maiatzaren 18a

Gaur egin du publiko Nafarroako Gobernuko Ogasun sailak Nafarroako zordun handien zerrenda. Tartean dago, PPko Ana Beltranen zuzendaritzapean dagoen Camilo Castilla SA enpresa: 687.000 euroko zorra dauka.

Zor handia duten enpresetako bat da Argoaz Inversiones SL, 2,08 milioi euro. Construcciones Samaniegok 2009an bere negozioaren zati bat erdibitu eta sortu zuen. Construcciones Samaniego Los Arcoseko zirkuituaren eraikitzaile eta onuradun nagusia da.

Nafarroako Presidente izandakoaren Gabriel Urralbururen izena ere ageri da zerrendan: 500.000 euroko zorra du. Guztira 316 izen agertzen dira, pertsonenak eta enpresenak –gehienak enpresa eta entitateenak dira–. Zorra osotara 237 milioi eurokoa da. 

Zordunei lehenago jakinarazi zitzaien

Lehen aldia da Nafarroan halako zerrenda kaleratzen dela, baina 2015ean egindako lege aldaketa batek ahalbidetzen du. Zordunen zerrenda argitaratu aurretik zordun horiei jakinarazi zitzaien eta aukera izan zuten zerrenda horretan ez agertzeko: zorra kitatzeko negoziazioaren bidez adibidez.

Osasuna futbol taldea ez dago zerrendan, hain zuzen, zorra kentzeko negoziazioaren bidez ari delako gutxika ordaintzen. 

  Albiste hau Euskalerria Irratiak argitaratu du eta CC-by-sa lizentziarekin ekarri dugu ARGIAra.