Arlo soziokulturalerako teknikari batek bere lanaldi erdia euskararekin lotutako gaiei eskaintzen dizkio, euskara teknikaria izan gabe. Amurrion euskararen normalizaziorako giza baliabideak "nahikoak" ez direnez, euskara teknikaria behar dela aldarrikatu du Aiaraldeako Euskalgintza Kontseiluak.
Amurrioko EAJk eta PSEk udaleko euskara teknikari lanpostua ezabatzea erabaki du hilaren 27ko udalbatzan. Arlo soziokulturalerako teknikari batek bere lanaldi erdia euskararekin lotutako gaiei eskaintzen dizkio, euskara teknikaria izan gabe. Udalaren Euskara Planak betetzen ez direla salatu du Aiaraldeako Euskalgintza Kontseiluak: “Duela bi urte, Euskara Plan berria idazteko langile bat kontratatu behar izan zuten sei hilabeterako, langile horrek ez du jarraipenik izan”
Amurriok 10.000 biztanletik gora dituenez eta euskalduntze maila kontuan hartuta Eusko Jaurlaritzak lau langileko euskara saila edukitzea gomendatzen duela azaldu du Kontseiluak. Bide beretik, euskararen normalizaziorako eskaintzen diren giza baliabideak ez direla “nahikoak” salatu du. Horregatik, euskararen eta normalizazioaren "aurkako erasoa" dela salatu du. Udalaren erabakia k "bide arriskutsu bati" atea irekitzen diola gaineratu dute.
Egoera ikusita, hainbat ekimen jarri ditu martxan Kontseiluak. Batetik, kexa bana erregistratu du Euskal Herriko Hizkuntza Eskubideak Behatokian eta Eusko Jaurlaritzaren Hizkuntza Eskubideak babesteko Zerbitzuan (Elebiden). Bestetik, premiazko bilera eskatu dute udalean, alkatearekin (Txerra Molinuevo jeltzalea) eta euskara zinegotziarekin biltzeko asmoz.
Euskararen aurkako olatua
Hilaren 13an salatu zuten euskararen aurkako “olatu erreakzionario eta euskarafoboa” Euskalgintza kontseiluak eta dozenaka alkatek. Bide batez, Espainiako Konstituzio Auzitegiak EAEko Udal Legearen aurka emandako epaia arbuiatu zuten.