argia.eus
INPRIMATU
Amurrioko Udalak dirulaguntza kendu dio Aiaraldea Komunikabideari
  • Aiara eskualdeko euskarazko komunikabide bakarra da Aiaraldea, eta Amurrioko Udalarekin 2012. urtetik izenpetua eta indarrean zuten euskara sustatzeko hitzarmena "alde bakarrez" eta "inolako jakinarazpenik eman gabe" eten du udalak. Erabakia "oso larria" eta "onartezina" dela ohartarazi du komunikabideak. Euskalgintzaren Kontseiluak ere bere "kezka" adierazi du.

Jenofa Berhokoirigoin @Jenofa_B 2024ko maiatzaren 23a

Aiaraldea Komunikabideari 6.000 euroko dirulaguntza kendu dio Amurrioko Udalak. Udalaren eta komunikabidearen artean 2012. urtetik izenpetua eta indarrean zuten euskara sustatzeko hitzarmena, baina Aiaraldea Komunikabideak jakitera eman duenez, "alde bakarrez" eta "inolako jakinarazpenik eman gabe" eten du ituna udalak. Aiarako euskarazko komunikabide bakarraren bizigarritasuna "are gehiago kolokan jartzen du" dirulaguntzaren desagerpenak.

Gertaera "oso larria" eta "onartezina" dela ohartarazirik, egoerari aterabide bat ematea eskatu diote udalari. Oraingoz udalak ez dio bilera eskaerari erantzunik eman, eta apirilaren 15az geroztik dago Aiaraldea Komunikabidea hitzordu horren beha. Euskalgintzaren Kontseiluak ere bere kezka adierazi du: "Euskarazko tokiko komunikabideen ekosistemak ezinbesteko ekarpena egiten du euskararen normalizazio prozesuan, erabileraren sustapenean eta euskaraz bizi nahi duten herritarren eskubideen bermean".

Egoeraren larritasuna azpimarratzeko orduan, begirada zabalagoarekin so egiten dio gaiari Aiaraldea Komunikabideak: "Eskualdeko euskarazko komunikabide bakarra itotzeko saiakera hau, azken urteotan Amurrioko Udalak euskararen biziberritzearen aurka hartu dituen erabakien azken mugarria da". Adibideak ez dituzte eskas: 2023ko maiatzean Euskalgintzaren Kontseiluarekin biltzeari muzin egin eta konpromisoak sinatzeari uko egin izana; uztailean euskararen teknikari lanpostua udal langileen zerrendatik ezabatzea erabaki izana –ondotik, presio sozialari esker atzera egin baldin bazuen ere–; apirilean Gora Aiaraldeko jai euskaldunak dinamikan sartzea errefusatu izana, eta abar. Hori horrela, euskararen aurkako eraso guztiak etetea eskatzen dio komunikabideak Amurrioko Udalari, eta herritarren ekinbidez sortu eta garaturiko euskara biziberritzeko dinamika eta proiektuak baliabide publikoen bidez sostengatzea.

"Bideragarritasuna are gehiago kolokan"

Aiaraldea Komunikabidea duela hamalau urte abiatu zuten, eta herritarren babesari esker aitzina egin ahal du, bidean eskualdeko udal eta alderdi politiko guztien babesa jasoz. Urteetan galera ekonomikoei diru ekarpen propioekin erantzun behar izan diete, ordea, –bazkideen kuota desinteresatuekin, zerbitzuetatik lortutako etekinekin, ekarpen boluntarioen bidez…–. Zehazkiago, proiektuak aurrera egin ahal izateko azken bost urteetan 486.329,97 euroko ekarpena egin behar izan du Aiaraldea Kooperatiba Elkarteak. Testuinguru horretan, Amurrioko Udalaren erabakiak min ikaragarria egingo lioke komunikabideari: "Egoera ekonomiko zail honen testuinguruan, Amurrioko Udalak proiektuari egiten zion ekarpen eskasa etetea erabaki du, proiektuaren bideragarritasuna are gehiago kolokan jarriz".

Amurrioko eragileei elkartasuna eskatzen die Aiaraldeak: "Elkarte, enpresa, ostalari, merkatari zein norbanakoei dei egiten diegu udalerriaren euskalduntze prozesuan atzerapauso gehiagorik ez onartzeko" eta "euskararen aurkako erasoak eta oztopoak geldituko dituen osasun-hesia osatzeko".