argia.eus
INPRIMATU
“Amurrioko Jai Herrikoien aldeko Batzordean aurtengo festak aurrera ateratzeko konpromisoa hartu dugu”
  • Agerraldia egin zuen asteartean Amurrioko Jai Herrikoien aldeko Batzordeak, segurtasun eta osasun neurriak hartuta, festak antolatzeko prestutasuna adierazteko.

Aiaraldea @aiaraldea 2020ko ekainaren 18a
Agerraldia egin zuen atzo parkean Amurrioko Jai Herrikoien aldeko Batzordeak. / Amurrioko J.H.B

"Hilabete gogorrak izan dira pasa ditugunak, koronabirusaren egoerak jai herrikoien eta beste herri mugimenduen jardunak zaildu ditu", adierazi dute. Ondorioz, kaleko presentzia txikitu dute, eta birtualki egin behar izan dituzte bilerak. Hala ere, ez da aurrera egiteko eragozpena izan: "Euskal Herriko Jai Herrikoien batzordeek ateratako agiriarekin bat eginez, Amurrioko Jai Herrikoien aldeko Batzordean aurtengo jaiak aurrera ateratzeko konpromisoa hartu dugu".

COVID-19ak eragindako pandemia ekiditeko neurriak bermatuko dituzte, aurreratu dutenez. "Hainbeste gustuko ditugun jaiak aurrera ateratzeko zuen ideiak, laguntza eta ekarpen guztiak behar ditugu. Guztion parte hartzea beharrezkoa izango da", azpimarratu dute. Hurrengo bilera ekainaren 29an -astelehenean- egingo dute, Guk parkean 18:30ean.