argia.eus
INPRIMATU
Amurrioko eskola txikia itxiko du Hezkuntza Sailak
  • Zabaleko Bizirik Plataformak jakinarazi du Hezkuntza Sailak adierazi diola Zabaleko ikastetxea itxiko duela. Bat-bateko eta adostu gabeko erabakia izan dela diote. Plataformak eskola euskalduna, publikoa, gertukoa eta txikia defendatuko duela azpimarratu du.

ARGIA @argia 2021eko maiatzaren 24a
Protestak hasiak dira. Argazkia: Zabaleko Bizirik Plataforma.

Plataformak adierazi du maiatzaren 20an Amurrioko Lehen Hezkuntzako bi ikastetxeak, Zabaleko eta Mendiko ikastetxeak, bat egiteko proposamena helarazi dietela Hezkuntza Sailetik. Hala, Amurriok ikastetxe publiko bakarra izango luke.

Zabaleko ikastetxea eskola txikia da eta 62 urteko ibilbidea du. Plataformaren iritziz, Zabaleko desagertuz gero eskola txikien eredua desagertuko litzateke: adinen arteko aniztasuna, Amurrion errotua, publikoa eta euskalduna. Azpimarratu dute eskola 62 urtez San Jose auzoko auzokide guztien topagunea izan dela.

Zabaleko Bizirik Plataforma abiatu dute eskola ixtea eragozteko eta era guztietako babesak ongi etorriak izango direla adierazi dute. Mobilizazioak eta aldarrikapenerako jai ekitaldiak antolatuko dituzte eta sare sozialetan arituko dira Zabaleko eskola txikia ez ixteko eskatzen.