argia.eus
INPRIMATU
Amsterdanek etxebizitza turistikoen alokairua debekatu du hiriaren erdigunean
  • Amsterdamgo Udalak debekatu egin du hiriko erdigunean kokatutako etxebizitzen alokairu turistikoa uztailaren 1etik aurrera eta, gainera, periferiako ostatuetako egonaldi turistikoa urtean 30 gauetara eta gehienez lau pertsonara mugatzen du.

ARGIA @argia 2020ko ekainaren 26a

Debekua honako barrutietan aplikatuko da: Burgwallen-Oude Zijde, Burgwallen-Nieuwe Zijde eta Grachtengordel-Zuid. Holandako De Telegraaf egunkariaren arabera, eta hiriko agintariek azaldu dutenez, turismoaren presioaren aurkako beste urrats bat da, hiriko biztanleen bizi-kostua handitu baitu.

Udalak ostegun honetan onartu zuen neurria, hiriko biztanleen iritzia ezagutu ostean; izan ere, gehienak etxebizitzen erabilera murriztearen alde agertu ziren. Laurens Ivens Amsterdamgo etxebizitza zinegotziaren arabera, 780 pertsonari egindako kontsulta batean, %75 debekuaren alde izan ziren. Herritar batzuek debekua hiri osora zabalduko lukete, baina "egungo legediaren eta erregulazioen arabera", hori ezinezkoa dela onartu du,

Oraingoz, bi urterako onartu dute neurria, eta hirigunearen egoera beste auzo batzuetara zabaltzen bada, horietan ere debekua aplikatu ahal izango da. Holandako hedabideek jakitera eman dutenez, gaur egun hiriko hamabost etxebizitzetatik bat alokairurako plataforma batean agertzen da, eta interneteko plataformetako eskaintza boskoiztu egin da, hilean 25.000 iragarki inguru sortuz.

Kaltetu nagusia Airbnb plataforma da eta udalaren erabakiaren aurka agertu da: "Proposamen horiek legez kanpokoak dira, Amsterdamgo biztanleen oinarrizko eskubideak urratzen dituzte eta garai zail hauetan diru-sarrerak murriztu dira".

Airbnb-ek dioenez, "Ordezkarien Ganberak laster bozkatuko du oporren alokairuei buruzko legedi berria, udalerrien eta plataformen babesarekin. Amsterdamekin konponbide jasangarrietan lan egin nahi dugu, eta ez epe laburreko konponbide garestietan".