argia.eus
INPRIMATU
Amsterdamgo prostituten Auzo Gorria itxiko ote dute?
  • Herbehereetako hiriburuko alkateak prostituten Auzo Gorriaz hausnartzea proposatu du. Femke Halsema agintari ezkertiar ekologistak esan du auzoan lanean ari diren prostitutak atzerritarrak, zaurgarriak eta umiliatuak direla.

ARGIA @argia 2020ko urtarrilaren 20a
Steve Parker / Flickr

Eldiario.es hedabideak bildu ditu alkatearen gogoetak. Hemezortzi hilabete daramatza alkatetzan eta egin nahi dituen erreformen artean helburu nagusietakoa da Auzo Gorria. Aitortu du bera parlamentuko kide zela prostituzioa legezko lanbidetzat hartu zutela, baina orain zalantzak dituela Auzo Gorriaz. Auzoa desagerrarazi behar den galdetu du, eta era berean, emakumeen sexualitatea eta gorputza tabu bihurtzerik ez du nahi.

Lanbidea legezkoa izaten segitzea nahi du, uste duelako langileak ahalduntzeko modu bakarra dela, hau da, onartuta badela merkatu bat non eskaintza eta eskaria dagoen. Alabaina, gaur egungo egoera bestelakoa dela uste du: “Gaur egun Auzo Gorria begiratzen badugu, lanean ari diren gehienak atzerritarrak dira eta lege estatus zaurgarria dute. Eta ez dakigu asko haien bizitzaz”. Beste kontu batek ere kezkatzen du alkatea: turistak ugaldu dira auzoan eta argazkiak ateratzen eta iseka egiten aritzen direla dio, emakumeak umiliatzen dituztela.

Itxi baino, bestelako aukerak

Hainbat aukera daude mahai gainean. Bata, Auzo Gorria eremu geografiko zabalagora hedatzea turistak sakabanatzeko asmoz; bigarrena, sexu langile batzuk ‘sexu hotel’ batera eramatea; eta hirugarrena, bisitariek hainbat kaletan ibiltzeko ordaindu behar izatea. Ez dirudi auzoa hustuko dutenik, alkateak berak esan du dirutza sortzen duela eta auzoa ixtea oso garestia izango litzatekeela.