Gizon batek, apirilaren 20an bi emakume erail ostean, Gasteizko Mugimendu Feministak gogor salatu ditu azke hilketa matxista hauek Arabako hiriburuan egin duten mobilizazio jendetsu batean. Andra Maria Zuriaren plazan hasi eta leku berdinean amaitu den manifestazioak milaka lagun bildu ditu, amorrua eta haserrea kalera ateraz.
“Eraso berri hau bizi garen sistema kapitalista patriarkalaren ondorio zuzena” dela ohartarazi dute, “non indarkeria matxista eredu honek sortzen dituen pertsonen arteko botere harremanak mantentzeko erabiltzen duen baliabidea den”.
Instituzioei, eragile eta arduradun ezberdinei, mezu zuzena: indarkeria matxistari aurre egiteko, lehen mailako arazo politikotzat hartu behar da hau. “Egungo jarrera konplizeak alboratu eta bizi garen jendarte antolaketa sexistari aurre egiteko benetako neurriak behingoz har daitezela exijitzen dugu”, adierazi dute Mugimendu Feministako kideek manifestazioaren amaieran.
Baina haserre hori kanalizatze aldera, autodefentsa feministarako deia ere egin nahi izan dute. “Gure bizitzak direlako jokoan daudenak, feministok erantzuteko prest gaude”. Elkarrekin martxan jarraitzeko deia zabaldu dute, “denak aske izan arte”.
Albiste hau Halabedik argitaratu du eta ARGIAra ekarri dugu CC by-sa lizentzia baliatuta.