argia.eus
INPRIMATU
Amoranteak

Karlos Aretxabaleta 2020ko maiatzaren 13a

Serendipia itxaropenari lotuta dago, elkarri eskutik helduta doaz denboraren etorbidetik, eta, sarri asko, historiaren arrakaletan ezkutatzen dira, elkar maitatzea debekatuta duten amoranteak bailiran. Zoritxarrak han-hemenka zelatatzen ditu, eta ez du bi amoranteen maitasuna zapuzteko aukerarik galtzen; izan ere, zorigaitzak serendipiaren zorte onari inbidia dio, betidanik. Hala da. Serendipia, berez, zori onekoa da, eta honek, zelan edo halan, bere irudia ederretsi du jakintzen arteko mugak gaindituz. Egiazki, orain arte literaturara edota historia liburuetara jo izan bagenu, gure bi amoranteen amodiozko istorioa ezagutuko genukeen ondoen.

Egun, ordea, medikuek ebakuntza-gelatan, erizainek erreanimazio geletan, zeladoreek itxaron geletan, familiek segurtasun neurrien eta maskaren atzean, zientzialariek laborategietan... ondo arakatuko balute, beharbada, serendipia eta itxaropena elkar maitatzen aurkituko lituzkete. Egunen batean, nonbait, nolabait, noizbait, "gure amoranteak" ikusiko bagenitu, halabeharrez, osasunak, eta beraz etorkizunak, Koronabirusari iskin egingo lioke.