ETB1eko Dantzatzen den herria saioa Pasai-Donibanetik igaro zen eta asteazken honetan emititu dituzte han grabatutako irudiak. Herriko arku batean dagoen Amnistiaren ikurra estali izanak zenbait pasaitarren arreta deitu du.
Pasai-Donibanen ibili denari ezaguna egingo zaio beheko irudiko arkua. Aspaldi samarretik, Eduardo Chillida eskultoreak 1977an diseinatutako Amnistiaren ikurra dauka alde batean.
Batek baino gehiagok sare sozialetan nabarmendu duenez, ordea, Dantzatzen den herria programan arku hori agertu denean, zapi bat jarri dute ikur hori estaltzeko.
Dantzatzen den herria programa Baleuko ekoiztetxeak eta ETBk elkarlanean egin dute eta urtarril honetan estreinatu da euskarazko katean. Euskal Herriko hainbat herri bisitatzeko asmoa dauka, tokian tokiko gertakizunetan eta historian oinarrituta, herritarrekin batera lipdub estiloko koreografia bat grabatzeko.