argia.eus
INPRIMATU
Amnistiaren Aldeko Mugimenduaren aurkako polizia jazarpena handitu dela salatu dute
  • Mugimendua sortu zenetik jarraipenak izan dituzten arren, azken hilabeteetan jazarpena areagotu dela salatu du Amnistiaren Aldeko Mugimenduak, jarraipenei bat-batean jarritako errepide kontrolak eta militanteen kotxe eta etxeetan egindako sarrerak gehituz.

Gedar @GedarLangileKZ 2019ko abuztuaren 14a
AAMk 2017an Bilbon egindako prentsaurreko bat. Argazkia: AAM

Amnistiaren Aldeko Mugimenduak zabaldu duenez, maiatzean Valentin Diaz Blanco Guardia Zibileko koronelak adierazpen bidez jakinarazi zuen mugimenduaren gaineko ikerketa egiten ari zirela eta bere kideak “monitorizatuta” zituztela. Hala ere, AAMren arabera, aurretik datoz jazarpen kasuak. Izan ere, hasieratik  bere kideek jarraipenak jasan behar izan dituztela salatu dute.

Jazarpen horiek azken hilabeteetan areagotu direla aipatu du AAM-k. Jarraipenekin batera, errepide kontrolak bat-batean jarri zein militanteen kotxe eta etxeetan sartu direla salatu dute. Azaldu dutenez, “kasu guztietan, hankaz gora utzi izan dute dena baina inoiz ezer lapurtu gabe, eta beraz, lapurreta kasuak ez direla ondoriozta daiteke. Kasu hauek denboran eta formetan bat egiten dute, eta antzeko funtzioak aurrera eramaten ari diren militanteen kontra burutu dituzte”. Hori dena, “komunikabide faxistek errepresioaren jo-puntua gure gainean jartzen duten bitartean”.

Gogoratu dutenez, orain dela aste gutxi ikasle mugimenduak ere polizia jazarpena salatu zuen “eta orduan ere salatu genuen espainiar eta frantziar Estatuek gure herria eta langileriaren aurkako gerran murgildurik jarraitzen dutela, eta errepresioa ez dela desagertzen, baizik eta bere intentsitatea modulatzen duela une eta kolektibo bakoitzaren aurrean interesatzen zaionaren arabera”.

Bukatzeko, militantziarako eskubidea eta borroka egitearen zilegitasuna aldarrikatu dute.