argia.eus
INPRIMATU
Amnistiaren Aldeko Mugimenduak Etxarriko manifestazioa egingo dela adierazi du
  • Preso gaixoen aldeko elkarretaratzea debekatu egin du Espainiako Gobernu ordezkaritzak, eta hura egiteko nahia adierazi du taldeak. Fernando Lizeaga eta Joxean Kortadi preso ohiek 18 egun daramatzate greban.

Jon Ander De la Hoz Arregi @delarregi 2016ko irailaren 02a
Amnistiaren aldeko eta Errepresioaren aurkako Mugimenduko kideak, Etxarrin emandako prentsaurrekoan. [Argazkia: Euskalerria Irratia]

Carmen Alba Espainiako Gobernuak Nafarroan duen ordezkariak larunbaterako –19:00, herriko plaza– Etxarrin deituta dagoen manifestazioa debekatu badu ere, Amnistiaren aldeko eta Errepresioaren aurkako Mugimenduak hura aurrera eramateko asmoa adierazi du: “Mugimendu honentzat manifestazioa egitea beste aukerarik ez da existitzen”, aurreratu dute prentsaurrekoan taldeko bozeramaileek.

“Preso politiko gaixoek bizi duten egoera oso larria da”, azaldu dute manifestazioaren deitzaileek, eta zehaztu dute egoera “espetxe politika hiltzaile baten ondorio dela”. Antolatzaileen esanetan, “Espainiako eta Frantziako estatuek hamarkadak daramatzate preso politikoei xantaia egiten, haien damua lortu asmoz”.

Manifestazioa iragartzeko agerraldian Mont de Marsan, Valence eta Fleuryko espetxeetan protestak egiten ari diren presoei babesa adierazi diete. Baita Etxarrin bertan 18 egun gose greban daramatzaten Fernando Lizeaga eta Joxean Kortadi preso ohiei ere. Gaixo dauden presoen alde ari dira protestan.

Sortuk arbuiatu egin du Espainiako Gobernu ordezkaritzaren erabakia. Zehaztu du “ez duela mugimendu horren estrategiarekin bat egiten”, baina debekua “euskal herritarren mobilizatzeko eskubidearen aurkako erasotzat” jo du.