argia.eus
INPRIMATU
Amnistia Legeari entzungor eginda, Puigdemont atxilotzeko aginduari eutsi dio Espainiako Gorenak
  • 2017ko erreferendumaren harira, U-1aren auzi judizialean diru publikoa bidegabe erabiltzeagatik zigortutakoei ez zaie Amnistia Legea aplikatu behar, Espainiako Auzitegi Gorenaren esanetan. Puigdemonti ez ezik, Junqerasi, Romevari, Bassari eta Turulli ere eragiten die ebazpenak.

Gorka Peñagarikano Goikoetxea 2024ko uztailaren 02a

Oldarraldi judizialak ez du etenik Katalunian, prozesu independentistaren azken hondarrak kolpatzen segitzen baitu Espainiako justiziak, botere legegile eta exekutiboak onartzen duenaren gainetik. Izan ere, maiatzaren 30ean onartu zuen Espainiako Diputatuen Kongresuak Amnistia Legea, eta indarrean sartu eta bi hilabete inguruko epea dute magistratuek Amnistia Legea hartu eta eskuartean dituzten auziak berrikusteko. Alegia, botere legegile eta exekutiboaren arabera, auzi horiek ixtea ekarri behar luke Amnistia Legearen onarpenak, baina bistan denez, botere judiziala bere bidea egiten ari da.

Procéserako diru publikoa bidegabe erabili zutelakoan, hainbat pertsona zigortu zituen Espainiako Auzitegi Gorenak. Horietako zenbaiti zigorrak mantenduko dizkiete: atxilotze aginduarekin jarraituko dute Carles Puigdemont, Toni Comin eta Lluis Puigek, eta 2031ra arteko inhabilitazio zigorrekin segituko dute Oriol Junqueras, Raul Romeva, Dolors Bassa eta Jordi Turullek. Aldiz, erabakia aldekoa zaio Marta Rovira erbestean den ERCko idazkari nagusiari: haren aurkako atxilotze agindua kendu dute.

Amnistia Legearen testua eskuetan hartu dute Goreneko Zigor Aretoak eta procésaren epaile instruktoreak, eta biek esan dute Amnistia Legearen testuak ez duela esplizitatzen diru publikoa bidegabe erabili izanaren afera sartzen den ala ez, eta beraz, ezin zaiela legea aplikatu zenbait politikariri bederen. Beraz, Gorenak atea ixten du zuzenean Europara jotzeko; horretarako, Espainiako Auzitegi Konstituzionalak mugitu behar du fitxa.

Espainiako PPko buruzagiak harro-harro agertu dira Gorenaren erabakia jaso ondoren: "Gehiengoa erabili du Sánchezek ondo egiten ere jakin ez duen lege bat egiteko".

Bi auzi amaigabe

Procésaren auziaz mintzo dira gehienak, bereziki Puigdemonten kasuaz, baina Espainiako Auzitegi Gorenak atxilotze agindua kenduko balio ere Puigdemonti, diru publikoa bidegabe erabiltzeagatik, ezingo luke Puigdemontek hain erraz Espainiako lurraldean sartu. Izan ere, Tsunami auziak bere horretan segitzen du, lau urte sumariopean pasa eta terrorismo delituak egozten baitizkie orain.

Apurka-apurka ari da Gorena Amnistia Legearen aplikazioaren berri ematen. Oraingoz, ezagutarazi diren kasuak procésaren auziari dagozkionak dira; ez dira heldu Tsunamikoak.

Tsunami auziagatik Genevara (Suitza) erbesteratu dira zenbait pertsona azken hamar hilabeteetan, haien aurkako auzia indartzen ari zela ikusita, eta ez kasualki, hain justu ere Amnistia Legearen negoziaketa forma hartzen ari zenean eta Puidgemonten balizko itzulera gertu egon zitekeela sinbolizatzen zenean. Une horretatik aurrera, Tsunami auziko auziperatuei terrorismo delituak egozteko bidea bilatu zuen Espainiako Auzitegi Nazionalak, eta argumentuak erosi zizkion Gorenak, 2019ko udazkenean Tsunami Democratic izan zenaren kupulan zeudelakoan –procésaren ostean, 2017ko erreferendumaren ondoren, 2019ko udazkenean ezagutarazi ziren politikari independentisten aurkako zigor handiak, eta horren aurka mobilizatu zen gizarte mugimendua izan zen Tsunami–.

Erbestean diren Jesús Rodríguez eta Ruben Wagensberg elkarrizketatu zituen ARGIAk Suitzan, Amnistia Legea onartu bezperatan. Haiek argi salatzen zuten Auzitegi Nazionalak "propio" atera zuela mahai azpitik terrorismo delituaren mantra, Amnistia Legeak procéseko independentistak barnebilduko balitu, Tsunami auzia izan zedin gutxienez bi alderdi independentista handienetako buruzagiak zigortuko zituena, alegia, Carles Puigdemont eta Marta Rovira.