Bizkaiko Probintzia Auzitegiak amnistia aplikatu die Kataluniako prozesu independentistarekin lotutako mobilizazio batengatik kondenatutako lau gazteri. Kataluniarekin elkartasun ekimenengatik herritar gehiago ere zigortu zituzten Euskal Herrian 2011 eta 2023 artean, bide administratibo edo penaletik. Aplikagarria al zaie Amnistia Legea horiei guztiei? Baietz dio lau gazteentzako amnistia lortu duen Oscar Sánchez Setién abokatuak. Ebazpenaren edukiaz eta beste kasu batzuetan aplikatzea eskatzeko bideez mintzatu da ARGIA berarekin.
Pozik dago Sánchez Bizkaiko Probintzia Auzitegiaren ebazpenarekin: “Autoa oso zehatza da, eta aho batez onartu du epaimahaiak”. Halere, prozedura korapilatsua eta “arraroa” izan dela azaldu du Bilboko Hiru abokatu bulegoko kideak. Auziaren jatorria 2019ko urrian sare sozialen bitartez Bilbon deitu zen mobilizazio batean dago, erreferendumaren buruen aurkako espetxe zigorren aurkakoa. Autoak jasotzen duenez, mobilizazioak ez zuen baimenik, Ertzaintza agertu zen, bertaratutakoek eserialdia egin zuten eta Polizia oldartu egin zitzaien. Hasieran bost pertsona izan ziren auzipetuak, erresistentzia, lesio arinak, desordena publikoak edo agintaritzaren aurkako atentatua egotzita.
Epaiketarako data ezarri zietenean Sánchezek atzeratzea eskatu zuen, Amnistia Legea tramitazioan zegoela eta auziari eragingo ziola argudiatuta, baina epaitegiak ez zuen eskaera onartu. Akordioa egin zuten orduan aldeek, “batez ere espetxeratze arriskua ekiditeko”, azaldu du abokatuak, lau gazterentzako bi urte eta erdiko zigorra eskatzen baitzuen fiskalak, eta bosgarrenarentzako bi eta bederatzi hilabetekoa. Zigorra isunetan, ertzainei ordainduko beharreko erantzukizun zibilean eta sei hilabeteko espetxe zigorrean geratu zen, aurrekaririk ezean bi urtez beherako espetxe zigorrak ez baitira betetzen normalean.
2011 eta 2023 artean Kataluniako prozesu independentsitaren testuinguruan Hego Euskal Herrian jasotako zigor administratibo zein penalak amnistiatzea eska dezakete herritarrek
Behin Amnistia Legea onartuta, Sánchezek aplikatzea eskatu zuen, epaitegiak Fiskaltzari eskatu zion iritzia, horrek ez zuen erantzunik eman, eta denbora batera sententziaren betearazpen-agindua heldu zitzaien zigortuei. Orduan helegitea aurkeztu zuen defentsak, eta iraila hasieran, “bat-batean” jaso dute zigorgabetzen dituen autoa. Fiskaltzak ez du helegiterik aurkeztu, beraz, epaia irmoa da.
Zigortu gehiagori ere aplikagarria
Ezin dugu jakin zenbat herritar izan diren zigortuak Kataluniarekin elkartasun mobilizazio edo ekintzetan 2011 eta 2023 artean (hori da Amnistia Legeak barnebiltzen duen denbora tartea), baina galdera agerikoa da. Bilboko lau gazteei gertatutakoa aplikagarria da beste kasu batzuetan? Amnistia aplikatu beharko litzaieke prozesu independentistarekin lotuta zigortuak izan diren gainontzeko euskal herritarrei? Baietz dio Sánchezek.
Bi adibide. Batetik, 2017ko urrian, erreferendumaren aurretik, giza katea abiatu zen Donostian Katalunia plazatik zentrora, bozka paperak banatzen eta afixak hormetan itsasten. Herritar batek isuna jaso zuen gerora, Ertzaintzaren “identifikazio bisuala” oinarri. Bestetik, 2019ko azaroan, Tsunami Democratic-ek Barraskilo Operazioa deitu zuen, autoen martxa geldoarekin muga blokatzea helburu. Hurrengo egun eta asteetan isunak jaso zituztela jakinarazi zuten hainbat herritarrek. Horien modukoei, zein bide penaletik epaitutako guztiei ere aplikatu beharko litzaieke Amnistia Legea, azaldu du Sánchezek. Isun administratiboen kasuan, legeak zehazten du Mozal Legearen bitartez ezarritakoen dirua soilik bueltatuko dela.
Nola lortu amnistiatzea?
Bi bide nagusi daude delitu edo isun bat amnistiatzeko. Lehena litzateke Poliziak, administrazioak eta epaitegiek legea ofizioz aplikatzea, hau da, beren ekimen propioz. Isunen edo erantzukizun zibilen dirua bueltatuz edota aurrekariak ezabatuz, edo prozesuak irekita baldin badaude bertan behera utzita. Hori litzateke “logikoena”, Sánchezen ustez, eta bi aurrekari aipatu ditu. Epaitegiek konfinamendua legez kanpokoa izan zela ebatzi zutenean, Jaurlaritzak hura urratzeagatik jarritako isunen dirua bueltatu zien ofizioz herritarrei. Aurtengo ekainean, ofizioz amnistiatu zituen Generalitateak Mozal Legearen bitartez zigortutako guztiak. Baina orain arte ez dute horrelakorik egin Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako edo Nafarroako administrazioek, poliziek edo epaitegiek.
Bigarren aukera ekimena zigortuak berak hartzea da. Sánchezek bi bide ikusten ditu prozedura administratibo zein penalentzako, azpimarratu badu ere Amnistia Legeak ez duela bere aplikaziorako prozedura zehatzik ezartzen. Prozedura irekita badago, helegitea aurkeztu beharko luke herritarrak, Amnistia Legea aplika diezaiotela eskatzen. Prozedura itxita bada, juridikoki arrazoitutako idazki bat aurkeztu beharko luke zigortuak, legea atzeraeraginez aplikatu diezaioten.