Bi urtetako kontsulta eta eztabaiden ondoren, prostituzioaren aurrean jarrera berria hartu du Amnistia Internazionala GKEak: prostituten, bezeroen eta burdelen kriminalizazioaren aurka egiteko erabakia hartu du.
Emakume hauen eskubide urraketekin amaitzeko modurik onena despenalizazioa dela ondorioztatu du erakundeak egindako ikerketaren ostean. Gobernuei eskatuko die prostituzioaren alde guztien despenalizazioa, sexu esplotazioa ematen ez den kasuetan. Sexu langileei ezezik, bezeroen eta hirugarrenen (proxeneta, burdel, eta abar) kriminalizazioaren amaiera ere biltzen du eskaerak.
Hirugarrengoen despenalizazioaren eskaera azaltzeko Norvegiako adibidea hartu du Ana Rebollar Espainiako Amnistia Internazionalako zuzendariordeak: “Han emakumeak ez dira zigortuak, baina bai inplikatutako beste aldeak. Delitua da, adibidez, bi sexu langilek pisua konpartitzea, burdeltzat hartzen delako etxea. Eta pisuaren jabea sexu lanaren bultzatzailetzat hartzen denez, mehatxatua izaten da askotan eta emakumeak etxetik botatzen amaitzen du”.
GKEak argitu du ez dutela legalizazioa bultzatzen, horrek bi motatako prostituzioa bultzatuko lukeelako, legala eta legez kanpokoa. Estatuek lanbide hau praktikatzen dutenak eta inplikatuak zigortzeari uztea baino ez dute bilatzen.
Erabakiak abolizionisten jarrerarekin aurrez-aurre egiten du talka, eta eztabaidak piztu ditu erakunde barruan, baita hortik kanpo ere. Erakundeak barne-eztabaida bultzatzeko txostena zabaldu bezain pronto hasi ziren liskarrak, eta 400 pertsonak baino gehiagok, tartean Hollywoodeko hainbat aktore ezagunek, gutuna sinatu zuten erakundearen jarrerari aurkakotasuna adierazteko.
“Prostituzioak esan nahi du emakumeak gizonen zerbitzurako daudela gizartean. Emakumeen menperakuntza da. Amnistia Internazionalak diskriminazio hau babesteak harritu egiten gaitu”, adierazi du Sara Vicente Emakumeenganako Tratu Txarren Ikerketarako Komisioko (CIMTM) kideak.
Hetaira sexu langileen eskubideen aldeko taldeak, berriz, begi onez hartu du Amnistia Internazionalaren erabakia: “Politika abolizionistak langileen aurka egiten du, klandestinitate egoerara bultzatzen baititu. Hirugarrengoak zigortuta, negoziaziorako ahalmena galtzen dute emakumeek, eta toki arriskutsuagoetan amaitzen dute”.