argia.eus
INPRIMATU
Amnistia Legea aurrera atera da Espainiako Kongresuan
  • Ezusterik gabe eta gehiengo osoz onartu dute Espainiako Kongresuan Amnistiaren Legea, txalo artean. Eztabaida laburra izan da, baina tirabiratsua, eta irainak ere entzun dira. 177 aldeko boto jaso ditu legeak eta 172 kontra.

ARGIA @argia 2024ko maiatzaren 30
Espainiako Kongresua, Amnistiaren Legea bozkatzeko momentuan. Argazkia: Espainiako Kongresua.

Erregistratu eta sei hilabeteko tramiteen ondoren, Senatuan atzera bota zelako, azkenean onartu dute gehiengo osoz Amnistia Legea Espainiako Kongresuan. PSOE, Sumar, Junts, ERC, EH Bildu, EAJ eta BNGren aldeko botoak jaso ditu legeak, denera 177, eta hortaz, beharrezkoak zituen 176 botoen langa gainditu du.

Eztabaida laburra izan da Madrilen, baina gogorra, eta zenbait momentutan ika-mika handia egon da eta irainak ere jaurti dituzte ultraeskuineko kideek. Baina azkenik, onartu ondoren txalo zaparrada batez hartu dute haren aldekoek; bereziki indar katalanen ordezkariek ospatu dute onarpena eta "egun historikoa" dela adierazi dute: legea "78ko erregimenaren porrot" gisan aurkeztu du ERCko Gabriel Rufianek.

PP, Vox, UPN eta Coalición Canariak legearen kontra bozkatu dute eta Pedro Sáchezen dimisio eskaerak etengabeak izan dira haietako batzuen hitzartzeetan. Alberto Núñez Feijóok Sánchezen gobernuari egotzi dio "pribilegioak" eta "inpunitatea" eskaintzea herritar batzuei besteen gainetik.

EH Bilduko Jon Iñarrituren esanetan, aldiz, legearen onarpenak agerian uzten du "gatazka politikoak elkarrizketarekin konpontzen direla, ez auzitegietan". Mikel Legarda jeltzaleak ere "bizikidetza hobetzeko" elementu garrantzitsutzat jo du legea.

Nolanahi ere, legea ez da berehalakoan indarrean jarriko, estatuko BOE aldizkari ofizialean argitaratzen denean baizik, eta horretarako lehenik Felipe Borbónen berrespena behar du, baina igandera arte kanpoan dago Espainiako erregea, zehazki, El Salvadorren.