argia.eus
INPRIMATU
PAHko kideen kontrako kriminalizazioa salatu du Amnesty Internationalek
  • Amnesty Internationalek azpimarratu du zuzenbideak manifestazio baketsuak etxebizitza pribatuen aurrean onartzen dituela, eta ohar batean salatu dituzte Espainiako Gobernuko kideek Hipotekak Kaltetutako Plataformari (PAH gaztelaniaz) buruz esandakoak.

Martin Vicioso @martinvicioso 2013ko apirilaren 25
Etxebizitza baten aurrean egindako protesta (Argazkia: 20 Minutos)

Hiru eskaera egin dizkio Espainiako Gobernuko presidenteorde Soraya Saenz de Santamariari Amnesty Internationalek:

1. Ez ditzala onartu bere eskubideak defendatzen dituen kolektibo baten kontrako adierazpen iraintzaileak.

2. Manifestazio baketsuak egiteko eskubidearen kontrako neurri murriztaileak ekiditea. Bestalde, argitu dezala politikarien etxeetatik 300 metro baino gertuagora protesta egin ezin izateko Barne Ministroaren agindua. Egia balitz,  gehiegizkoa dela azpimarratu dute.

3. Protestetan hartzen diren neurri administratibo eta zigortzaileek ez dezatela manifestazio eskubidea urra.

Protesta baketsua eskubide besterenezina dela nabarmendu du elkarteak, eta Espainiako Gobernuari azaldu dio ezin dela adierazpen askatasuna mugatu batzuentzat manifestazioa iraingarria delako. Espainiako Estatuak NBEren giza eskubideei buruzko tratatu guztiak sinatu dituenez gero, Amnesty Internationalen arabera, arlo horretan jarrera aldatu behar du.