argia.eus
INPRIMATU
Amillubi proiektua hasia da konponketa lanak, landaketak eta formazio saioak egiten
  • Zestoako Iraeta auzoan, Urola ibaiaren meandroan daude Amilibia baserria eta bere lurrak. Horiek modu kolektiboan erosteko dirua biltzen ari da Biolur laborantza ekologikoaren aldeko elkartea. 2025 bukaerarako dute hitzartua azken ordainketa, baina erosketa fasean egon arren, dagoeneko praktikan jartzen hasi dira Amillubi proiektua. Bere helburua elikadura burujabetzaren bidean urratsak ematea da, agroekologia oinarri hartuta. Eta bide horretan, “epe motzeko proiektuak eta epe luzeko ildoak” bereizi dituzte eta azarorako topaketa bat antolatu dute.

Estitxu Eizagirre @eeizagirre 2024ko uztailaren 12a

Baserria eta lurra erosteko kontratua sinatu orduko, hiru norabidetan abiatu dituzte lanak Amillubi proiektuan.

Batetik, azpiegiturak konpontzeari eta eraikitzeari ekin diote, espazioak erabilgarri egiteko. Hainbat lan egin dituzte zentzu horretan: baserri inguruko belarrak mantendu, aterpea bilgune izateko txukundu, biltegia izango den espazioa hustu eta konponketak egin, ur sistema muntatu, komuna jarri, elektrizitate sistema berritu, ur zikinak kudeatzeko fitodepurazio sistema martxan jarri…

Bestetik, laborantza lanekin hasi dira eta azaldu dutenez, ekoizpenetik lortzen duten dirua baserria eta lurrak erostera bideratuko dute. Hauek dira egin dituzten lur lanak: porru landare ekologikoak egiteko mintegia prestatu dute; helburua bertan 120.000 porru landare ekologiko egitea da,  hauen portzentai haundiena baratzea duten ekoizlei saltzeko. Horrez gain, artoa eta babarruna (5.000 metro koadro) eta babarrun motza (800 metro koadro) erein dituzte. Ekoizpen horren zati bat Aleka elkartearentzat izango da, Euskal Herriko hazi ekologikoak lantzen eta saltzen dituenarentzat, eta beste zatia kontsumo elkarteetan salduko dute.

Hirugarrenik, hainbat formazio eta sentsibilizazio saio egin dituzte Amillubin. Horietako bat izan zen Emakumeentzako* makinaria ikastaroa, Biolurrek eta Bionekazaritza elkarteak elkarrekin eman zutena. Egin duten beste ekintzetako bat Biolurreko baratzezainen III. Foroa izan da, tipula eta porruaz ezagutza zabaltzeko.

Azaroaren 22-23an topaketak Amillubi proiektuaz hausnartzeko

Epe luzera begira ere, lehen sektorearen beharrei erantzun nahi diete martxan jarriko dituzten proiektuekin. Udazkenero topaketa egiteko asmoa dute, bertan Amillubi proiektuaz hausnartzeko eta aurrera begirako ildoak lantzeko eta aurten, ekimen hau azaroak 22-23an izatea aurreikusi dute. Dagoeneko etorkizuneko lan lerro hauek begiz jo dituzte: ekoizleei lurra baldintza egokietan uztea bermatzea; laborarientzat, modu kolektiboan, lan baldintza duinak sortzea; laborantzan hasi nahi dutenentzat proba leku izatea; laborantza agroekologikoaren esperimentazio gunea martxan jartzea; eraldaketa gune bat sortzea; partekatuko den tresneria gordetzeko gunea izatea; elikagaien hornikuntza-unitatea sortzea.

Nola lagundu proiektu eta ekintza hauek?

Martxan jarri dituen proiektuetan ikusten denez, elikadura burujabetzaren bidea modu kolektiboan eraikitzeari ekin dio Amillubi proiektuak. Berau bultzatu nahi duten herritar eta kolektiboek hainbat bide dituzte zabalik: diru ekarpenak eginda (Biolurren kontu honetan ES37 1550 0001 2400 1666 3726); bolondres sarean parte hartuta, adibidez auzolanetan edo norberaren jakintzak partekatuta (info@amillubi.eus helbidera idatzi edo 943 76 14 47 zenbakira deitu); edo nork bere herrian Amillubi proiektua ezagutzera emateko hitzaldia antolatuta (harremanetan jartzeko, helbide edo telefono berera zuzendu).