argia.eus
INPRIMATU
Amiantoren biktimentzat konpentsazio-funtsa: oraingoan Madrilek baietz esango du?
  • Amiantoaren biktimen kalteak konpentsatzeko funts bat sortzea eskatu dute Eusko Legebiltzarreko ordezkariek Espainiako Kongresuan. Iaz antzeko lege proposamena onartu zuten erkidegoko ganberan, baina Madrilen atzera bota zuten. Oraingoan Kongresuko talde guztien babesa jaso dute.

Ane Eslava Serrano @eslavaane 2017ko martxoaren 16a
ASVIAMIEko ordezkariak, Espainiako Kongresura sartzen (Arg.: J. Danae / Argazki Press)

Eusko Legebiltzarrak aho batez onartu zuen lege proposamena otsailaren 9an, eta Madrilen ere baiezkoa jasoko dutela uste dute. “Oraingoan bai”, adierazi du Jon Aiartza EAJko legebiltzarkideak, ostegunean “Kongresuko talde guztien babesa” jaso zutelako. Mariano Rajoy Espainiako presidenteak “eztabaidatzeko eta eraikitzeko” prest dagoela esan zuen, baldintza bakarrarekin: “seriotasuna”.

Iazko maiatzean antzeko proposamena egin zuten, baina Kongresuak atzera bota zuen, aurrekontuak handitzea zekarrelako. Oraingoan aldaketak egin dituzte testuan, gauza bera gerta ez dadin.

“Milaka langilek egin dute lan amiantoarekin, nahiz eta debekatuta egon”, gogorarazi du Jon Aiartzak, eta  substantziaren kalteez ohartarazi du: “Larriki toxikoa da eta sintomak 50 urteren ostean ager daitezke”. Biktimek “zigor bikoitza” pairatzen dutela adierazi du, osasun kalteez gain tribunaletan “kalbarioa” bizitzen dutelako.  “Kaltetuei zorra ordaintzeko eta injustizia hau zuzentzeko unea heldu da”, gaineratu du.  

EH Bilduk “une historikoa” dela adierazi du, ganbera osoak bat egin duelako “hiltzaile isil” horren aurka. Oraingoan “itxaropenerako bide bat” zabaldu zaiela aitortu du Jon García Asiviameko bozeramaileak, eta gaineratu du: “bada ordua dagokiguna geureganatzeko”.