argia.eus
INPRIMATU
Amiantoaren kalteei nola aurre egin? Eztabaida Eusko Legebiltzarrean
  • Talde politikoek euren proposamenak mahairatu dituzte osoko bilkuran: amiantoaren plana, konpentsazio funtsa, institutua, mapa… Baina eskaera formaletan urardoturik geratu da gaia.

Urko Apaolaza Avila @urkoapaolaza 2017ko martxoaren 23a
Amiantoaren biktimen protesta Bilboko Justizia Juregiaren aurrean (Argazkia: CCOO)

Alderdi Popularrak legez besteko proposamena aurkeztu zuen ostegunean Eusko Legebiltzarreko Osoko Bilkuran onar zedin. Bere esanetan, amiantoak kaltetuei laguntzeko konpentsazio funts batez gain, beharrezkoa zen “Amiantoaren plana” martxan jartzea, ekintza, prebentzio eta laguntza sistema bat ezartzeko.

Gainerako talde politikoek euren zuzenketak egin dituzte. EH Bilduk plan hori gauzatu eta zainketa lanak egiteko Amiantoaren Institutua sortzea eskatu du; Elkarrekin Podemos taldeak, berriz, plana sindikatu eta elkarteen parte-hartzearekin egin eta horrez gain amiantoaren “mapa” osatu dadila eta konpentsazio funts autonomikoa eratzeko aukera azter dadila eskatu du.

Orain arte, konpentsazio funtsa egiteko eskaera Espainiako Gobernuari zuzendu izan zaio. Hain justu, joan den astean Espainiako Kongresuan enegarren aldiz bozkatu zen funts hori sortzea euskal taldeen eskariz, alderdi guztien babesarekin salbu eta PPrena.

Eusko Legebiltzarreko osoko bilkurara hasiera batean PSEk eta EAJk batera zuzenketa aurkeztu behar zuten, berriz eskatzeko  Espainiako Gobernuak sor dezala konpentsazio funtsa, eta horretarako Lege-Proiektua bat egin dezala.

Azkenean, bi alderdiok PPrekin batera erdibideko zuzenketa bat adostu dute, funtsean erabaki garbirik ekarriko ez duena: amiantoaren inguruko informazio eta prebentzio kanpainak "aregotzea" eta Osalani eskatzea lagundu diezaiela amiantoaren mapa egiten hala eskatzen duten udalei.

EAJ, PSE eta PPren bozkei esker aurrera atera da proposamen hori. Hasierako helburuetatik beraz, nahiko urrun geratu da Eusko Legebiltzarraren ekimena amiantoaren inguruan.

Biktimak kalean

1993 eta 2017 artean amiantoak gutxienez 1.472 lagun hil ditu, eta adituen ustez, hurrengo hamarkadatan izango da heriotza tasarik handiena, mineral kantzerijenoaren gaitzak epe luzean azaleratzen baitira.

Asviamie Euskadiko Amiantoaren Biktimen elkarteak hilean hamar kasu baino gehiago artatzen ditu eta mobilizazioak etengabe egiten ari da. Asteazkenean Bilboko Justizia Jauregiaren aurrean elkartu ziren, barrualdean bi lagunen heriotza eragin duten kasuak epaitzen ari ziren bitartean.

 

 

Arazoak ugaritzen

Arazoak baina, ez dira orain gutxi arte uste zenaren kontrara amiantoarekin kontaktu zuzena izan zuten langile edo haien senideengana mugatzen. Mineralaren erabilera oso zabaldua izan zen eta hainbat eraikuntza publikotan oraindik geratzen dira arrasto ugari.

Laudion, esaterako, ikastetxeetan amiantoa atzeman dute eta egoera kudeatzeko Udalak egindako lanak kritika zorrotzak izan ditu hainbat eragile eta sindikaturen partetik. Donostiako Altza auzoan, bestalde, Eneko Goia alkate buru zutela azalpenak eman behar izan zituen asteazkenean 200 bizilagunen aurrean, bertako polikiroldegian eta ondoko lur-eremu batean amiantoa aurkitu delako. Auzotarrek plataforma bat sortu dute, kutsadurak sor dezakeen arriskuaren jakitun.