argia.eus
INPRIMATU
Amiantoaren biktimentzako funtsa eratuko du Espainiako Estatuak
  • Espainiako Kongresuak aintzat hartu du Eusko Legebiltzarrak 2017. urtean adostutako akordioa. Akordioak funts bat sortzearen beharra adierazten du, 1950etik gaur egunera amiantoarekin harremana edukitzeagatik gaixotu eta hildakoentzako.

Ixone Arana @ixonearana1 2021eko apirilaren 14a
Argazkia: Podemos Ahal Dugu

Espainiako Kongresuak lege egitasmoa onartu zuen atzo. Legeak Madrilgo ganberako ia alderdi politiko guztien baietza jaso zuen; Vox abstenitu egin zen. Maitane Ipiñazar (EAJ), Eva Blanco (EH Bildu) eta Gloria Sanchez (PSE) euskal legebiltzarkideek azaldu zuten lege egitasmoaren edukia. 

Berriak jaso duenez, amiantoak minbizia eragindako langileentzat eta langileak izan ez direnentzat ordain funts bat sortzea du helburu Espainiako Kongresuak. Alderdi politiko batzuen ustetan lege egitasmoak hainbat zuzenketa behar ditu. PPk adibidez, funtsa lortzeko moduan ikusten du arazoa.

Eusko Legebiltzarraren idatziaren arabera, estatuaren diru ekarpenaz gain, enpresek ere jarri beharko dute dirua funtsa elikatzeko. Iñigo Barandiaran EAJko diputatuak adierazi du momentu honetan lege proiektua onartu izana dela garrantzitsuena. Amiantoak sortutako biktimen auzia “justizia sozialaren kontua” dela esan du eta Espainiako Kongresuan zeuden Asviamieko kideei (Euskadiko Amiantoaren  Biktimen Elkartea) eskerrak eman dizkie. Belgikak, Herbehereek eta Frantziak pareko konpentsazio funts ereduak garatu dituztela gogorarazi du Barandiaranek. 

Hainbat saiakera

AsviamIek ez du 2017an gertatutakoa errepikatzerik nahi: Kongresuak antzeko proposamen bat tramitatzea onartu zuen, aurretik Eusko Legebiltzarrean onartua izan zena, baina 2019ko hauteskundeetara deitu ondoren bertan behera geratu zen.

88.000 pertsona hil dira amiantoak eragindako minbizien ondorioz Europan. 2019an, 30 langile hil ziren Hego Euskal Herrian, baina biktimen elkarteak ohartarazi duenez horiek kasuen %10 baino ez dira.