argia.eus
INPRIMATU
Amiantoaren biktimentzako 25 milioi euroko funtsa adostu dute EH Bilduk eta Espainiako Gobernuak
  • 2022ko aurrekontuen negoziaketetan PSOEren eta Unidas Podemosen koalizioak konpromisoa hartu du amiantoaren biktimei kalte ordainak emateko. Espainiako aurrekontuen gaineko eztabaidetan EH Bilduk Espainiako Gobernuarekin eskuratu duen lehen akordioa da.

Leire Artola Arin 2021eko azaroaren 18a
Justizia eskatzeko hamarkadetako borroka egin du Asviamie amiantoaren biktimen elkarteak. / Argazkia: CGT-LKN.

Espainiako aurrekontuen gaineko eztabaidetan EH Bilduk Espainiako Gobernuarekin eskuratu duen lehen akordioa izan da: amiantoaren ondorioak jasan dituztenei kalte-ordainak emateko 25 milioi euroko funtsa sortzea. Asviamie amiantoaren biktimen elkartearen urteetako eskakizuna izan da hori, eta EH Bilduren esanetan “azkenean” aurrera ateratzea lortu dute.

Gaur, azaroaren 18a, bozkatuko dute ERCrekin aurkeztutako zuzenketa hori onartzea, eta EAJren babesa espero denez (antzeko proposamen bat eginda zuen) arazorik gabe egin behar luke aurrera.

Oskar Matute EH Bilduko diputatuak azaldu du “aldarrikapen historiko bati” erantzuna eman diotela, eta azpimarratu du Asviamiek egindako “borroka nekaezinari esker” lortu dutela aurrerapauso hori. Matuteren esanetan, “zor historikoa kitatzeko” balioko du funtsak, eta bereziki Euskal Herriko eremu industrialetan amiantoak kolpatutakoak gogoratu ditu.

Amiantoaren kalteei buruzko monografikoa kaleratu zuen 2018an ARGIAk, eta Urko Apaolazak erreportaje sakona egin zuen, hemen irakurgai. Azken urteetan borroka luzea eraman duen Otsanda Tolosa ere elkarrizketatu zuen Apaolazak, bere aitaren heriotzan amiantoaren eta CAFen erantzukizunak frogatu nahian: "CAFen aitortza morala eskatzen dugu, aitagatik eta etorriko diren amiantoaren biktima guztiengatik". Iazko abenduan jakin zen CAFek atzera egin eta Celestino Tolosaren familia indemnizatzea onartu zuela.