argia.eus
INPRIMATU
Amiantoarekin lan egiteagatik hildako behargin baten familiari kalte-ordainak eman beharko dizkiote
  • Acenor eta Sidenor metalgintzako enpresek euren gain hartu beharko dituzte minbiziak jota hildako langilearen familiari eman beharreko kalte-ordainak.

Mikel Eizagirre 2020ko irailaren 09a

Bilboko Lan Arloko laugarren epaitegiak ezetsi egin du Sidenor eta Acenor enpresen errekurtsoa. Horren arabera, amiantoaren eraginpean egoteagatik minbiziak jota hil zen langile batek jasandako gaixotasunagatiko prestazioen %50eko errekargua solidarioki ordaintzeari uko egiten zioten.

Euskadiko Amiantoaren Biktimen Elkarteak ohar baten bidez jakitera eman duenez, epaileak zehaztu du Sidenorrek ez zuela neurririk hartu 2000. urtera arte, gutxienez, langileek amiantoaren eraginpean egotearen ondoriozko arriskuak saihesteko.

Hala, Lan Arloko Epaitegiaren irizpenak atzera bota du Sidenorrek 2019ko otsailean bi enpresei errekargua ezarri zien Gizarte Segurantzako Institutu Nazionalaren ebazpen baten aurka jarritako errekurtsoa.

Felipe J.L.S. izeneko langileak 1973tik 2009ra bitartean Basauriko Sidenor lantegian egin zuen lan, eta bertan amiantoa gutxienez 2000. urtera arte erabili ohi zen. Horren ondorioz 2017ko maiatzean pleurako mesotelioma izeneko gaitza diagnostikatu zioten, hots, biriketako minbizia. Erabateko ezintasuna eragin zion kontingentzia profesionalagatik, eta 2018ko ekainean zendu zen.

Euskadiko Amiantoaren Biktimen Elkartea "pozik" agertu da epaiarekin, eta amiantoaren eraginpean egoteagatik heriotzak eragin dituzten enpresei eskatu die “biktimen familiei barkamena eskatzeko” eta senide horiei ere “kalte-ordainak emateko”.