argia.eus
INPRIMATU
Amiantoak langile bati eragindako kalte handia berretsi du epaitegiak eta ez du onartu Fagor Ederlanen helegitea
  • Biriketako minbizian eta %95eko ezgaitasunean amiantoak izandako eragina onartu zion Gizarte Segurantzak langile bati, baina helegitea jarri zuen Fagor Ederlan enpresak. Donostiako epaitegi batek ez du helegitea onartu eta amiantoaren biktimen elkarteak enpresari eskatu dio “helegite judizialen politika inhumanoa uzteko, eragindako kalteagatik barkamena eskatzeko eta konpentsazio funtsa babesteko”.

ARGIA @argia 2020ko uztailaren 14a

Ebazpena argia dela dio biktimen elkarteak: 1967-2007 artean Juan H. P. langileak amiantoarekin egin zuen lan Victorio Luzuriaga S.A. enpresaren fabriketan, eta laneko gaixotasuna eragin dio horrek. Elkarteak Fagor Ederlani leporatu dio epaiketan “lotsagabeki gezurra” esan izana, langilea ez zela amiantoarekin aritu adierazi baitzuen.

“Fagor Ederlani eskatzen diogu gezurrak eta helegite judizial inhumanoak alde batera uzi ditzala. Bada garaia segurtasun eta higiene neurriak bete ez dituzten enpresek langileengan sortu dituzten osasun kalteengatik barkamena eskatu dezaten, prebentzio neurriak indartu ditzaten eta biktimak indemnizatzeko Konpentsazio Funtsean inplikatu daitezen”, adierazi du biktimen elkarteak.