argia.eus
INPRIMATU
Amiantoak kutsatuta hil zen langile baten alargunari %40ko errekargua ordaindu beharko dio Fagor Ederlanek
  • Iruñeko Lan Arloko Epaitegiak frogatutzat eman du hildakoak amiantotik babesteko baliabiderik gabe lan egiten zuela. Aurretik ere antzeko kasu bategatik epaitu zuten Fagor Ederlan Tafalla enpresa.

ARGIA @argia 2022ko urriaren 11
Erakunde publikoei eskatu diete baldintza seguruetarako baliabideak esleitzeko, Amiantoaren Biktimentzako Funtsa parlamentuan den honetan / Argazkia: Asviamie Erakunde publikoei segurtasunerako baliabideak eskatu dizkiete, Amiantoaren Biktimentzako Funtsa parlamentuan den honetan / Argazkia: Asviamie

Iruñeko Lan Arloko 2 zenbakiko Epaitegiak ebatzi du Fagor Ederlanek %40ko prestazioen errekargua ordaindu beharko diola amiantoaren eraginez hildako langile baten alargunari. ELAk jakitera eman duenez, epaitegiak irailaren 29an frogatutzat eman zuen enpresak ez zuela hartu nahiko segurtasun neurririk amiantoarekiko lan-esposizioaren aurrean.

Ebazpen judizialak zehazten du hildako langileak “amianto-zirrindolak manipulatu zituela babes-baliabiderik gabe, ingurumen-neurketarik egin gabe eta arropa garbitzeko protokolo espezifikorik gabe”, 1977 eta 1992 urteen artean. Frogatuta geratu da, gainera, 2004ra arte enpresak ez zuela egin laneko arriskuen ebaluaziorik.

Hortaz, epaitegiak ezetsi egin du Fagor Ederlan Tafalla S.K. enpresak aurkeztutako demanda, eta gizarte-segurantzako prestazioak %40 handitzera zigortu du.

Halaber, Bidelagun Fundazioak –ELAk prekarizazioaren eta lan-ezbeharren aurka borrokatzeko sortutako erakundea– gogorarazi du Fagor Ederlan Tafalla S.K. enpresaren aurkako bigarren epaia dela amiantotik babesteko neurri faltagatik.

Fundazioak “ulertezintzat” jo du enpresak frogatutakoa ukatzen jarraitzea, eta eskatu dio “bide judiziala beharrik gabe ez luzatzeko, sufrimendua areagotu baino ez baitu egiten”. Modu berean, Bidelagunek eta ELAk berak erakunde publikoei exijitu diete “langile klasearen osasunerako eskubidea modu eraginkorrean bermatzeko baliabideak esleitzeko”, hain justu Amiantoaren Biktimentzako Konpentsazio Funtsa Legebiltzarrean izapidetzen ari denean.