CAFek asbestosiak jota hildako langile baten senideak indemnizatu beharko ditu, bere biriketan amianto arrastoak aurkitu eta gero. Enpresak helegitea jarri zuen baina Donostiako lan arloko 2. Epaitegiak 133.665 euro ordaintzera zigortu du.
2008an hil zen Celestino Tolosa, Irungo CAFeko lantegian urte mordoa lan egindakoa galdaragile bezala. Hil ondoren bere birikak izoztu zituzten eta ia hamar urte geroago, 2017an, Santanderreko ospitalean egindako froga batzuen bidez jakin zuten asbestosiak jota hil zela, lanean erabilitako amiantoaren ondorioz.
Geroztik ibilbide luzea egin dute epaitegietan barrena. 2018an EAEko Auzitegi Nagusiak ebatzi zuen asbestosia laneko gaixotasun bezala onartu behar zela eta ondorioz, orain, Donostiako lan arloko 2. Epaitegiak bere familia, alaba eta alarguna indemnizatzera zigortu du Beasaingo tren enpresa, 133.665 eurorekin, CAFek “segurtasun eta higiene arautegi zabala urratu” zuelako.
Asviamie amiantoak eragindako biktimen elkarteak pozik hartu du epaia: “Enpresak biriketako gaitz askoren jatorria ezkutatzeko zuen asmoa zapuztu du”, azaldu du. CAFek, bere helegitean argudiatu zuen langileak tabakoa erretzen zuela, norbanakoen ohiturengan ezkutatu nahirik bere erantzukizuna, elkarte honen arabera.
Hala, langilearen senideek egia jakin zuten duela urte batzuk, orain epaitegiaren bidetik justizia egin da, eta azken pauso bat baino ez da falta doluarekin amaitu dezaten, beraien hitzetan: “Enpresak barkamena eskatzea”.