Errenteriako enpresa batean amiantoarekin egiten zuen lan hildako emakume nafarrak. Materialarekin kontaktuan egoteagatik atera zitzaion minbizia, eta Nafarroako Segurantza Sozialak hil eta lau hilabetera onartu dio ezgaitasuna.
Amiantoarekin lan egiten duen Productos Aislantes enpresako langilea zen minbiziagatik hildako emakume nafarra. Hildakoaren familiak salatu du lanean hautsa etengabe arnasten zuela, inolako babes neurririk gabe. Nafarroan gaiaren inguruan informazio falta dagoela eta, amiantoaren eragin kaltegarriez informatzea beren betebeharra dela adierazi dute.
Mesothelioma minbiziagatik hil zen langilea, eta lau hilabete geroago onartu diote lanbideak eragindako gaixotasunagatik erabateko ezgaitasun absolutua. Nafarroako Osasun Publikoko Institutuak heriotzagatik eta alarguntzagatik pentsioak ordainduko dizkio senarrari. Erabaki horrek Foru Komunitatean gertatzen diren antzeko kasuak salatzea ekarriko duela espero du familiak.
Amiantoaren biktimen EAEko elkarteak komunikatu bidez egin du publiko gertatutakoa, eta adierazi du Nafarroan ere kasu gehiago badirela. Iaz Diario de Noticias egunkariak argitaratu zuenez, Nafarroan 2.790 pertsona baino gehiago aritu ziren amiantoarekin lanean.
LABek dio zifra hori altuagoa dela, eta azpimarratu du Nafarroan baino salaketa gehiago jartzen direla EAEn historikoki amiantoaren erabilera oso ohikoa izan delako han. Azken kasuak ikusita, ordea, Nafarroan delegaritza irekitzeko aukera aztertzen ari da EAEko amiantoaren biktimen elkartea.