Legazpiko Patricio Echeverria enpresako langile ohi baten alargunari ere pentsioa onartu diote, senarra amiantoak eragindako gaixotasun batengatik hil zela onartuta.
Petronor eta Iberdrola amiantoagatik gaixotutako langile baten osasun arazoen erantzuletzat jo ditu Bilboko Lan Arloko 1. Epaitegiak. 2020an leporatu zieten Lemoizko zentral nuklearra, Somorrostroko findegia eta Santurtziko eta Pasaiako zentral termikoak eraikitzeko obretan amiantotik babesteko beharrezko segurtasun eta osasun neurriak ez betetzea.
Akusazioen aurrean, bi enpresek errekurtsoa jarri zuten. ITASA azpikontratan egiten zuen lan gizonak, eta Petronorrek ukatu egin zuen langile horrek haientzat lan egin zuenik. Iberdrolak, berriz, ez zuen erantzukizunik hartu bere gain. Orain, epaitegiak bi helegiteak bertan behera utzi ditu, eta langileari bere prestazioen %30 gehiago ordaintzera behartu ditu enpresak.
Patricio Echeverriako langile ohi baten alargunari, pentsioa
Bestalde, Legazpiko Patricio Echeverria enpresako langile ohi baten emazteari alarguntasun pentsioa onartu dio EAEko Auzitegi Nagusiak, amiantoagatik gaixotu zela iritzita. Donostiako Lan Arloko 4. Epaitegiak eskubide hori ukatu zion, argudiatuz hildako langileak tabakoa erretzeko ohitura handia zuela. ELAko Bidelagun Fundazioak errekurtsoa jarri zuen, eta Justizia Auzitegi Nagusiak onartu egin du alarguntasun pentsioa. Hildako langilea kartzinoma mikrokritikoagatik hil zen, eta sententziak gaixotasun profesionaltzat jo du.