argia.eus
INPRIMATU
Amiantoa zuen senarraren laneko arropa garbitzeagatik hil zen emakumearen kasuan CAF kondenatu dute
  • Vicenta Burguete amiantoa arnasteagatik hila zela ebatzi du epaitegi batek. Haren senarrak Beasaingo CAF enpresan egiten zuen lan. Asviamie elkarteak nabarmendu du lehen aldiz aitortu dela enpresaren erantzukizuna horrelako kasu batean. CAFen jarrera “oztopatzailea” kritikatu du elkarteak.

ARGIA @argia 2020ko martxoaren 04a
Beasaingo CAFeko langileen mobilizazioa 2019ko apirilean. Argazkia: LAB

Amiantoaren Biktimen Euskadiko Elkarteak (Asviamie) jakinarazi du epaia. 2017ko martxoan hil zen Vicenta Burguetek urteetan garbitu zuen senarraren laneko arropa, eta epaitegi batek ebatzi du arropa hark zuen amiantoa arnastearen ondorioz hila zela. CAF enpresa kondenatu du Burgueteren alargunari 175.897 euro ordaintzera, eta 15. euro beste senide bati. Epaia irmoa da.

Epaiaren garrantzia azpimarratu du Asviamiek: “Etxekoandre baten aldeko lehen epai irmoa da Euskadin. Erakusten du etxekoandreek kalteak pairatu ditzaketela, baita bizia galdu ere enpresen axolagabekeriarengatik”. CAF enpresa erantzukizunak saihesten ahalegintzen dela salatu du, auzibideak luzatuz eta oztopatuz. Senarren buzoak garbitzeagatik gaixotutako beste bi emakumeren kasuak daude egun epaitegietan, CAFeko enpresa batzordeak jakinarazi duenez: “Zaintza zen beraien lana, eta zaintza lana aitortu ez zaien bezala, orain amiantoak hil dituela ere ez da aitortu nahi”.

Asviamie bere aldarrikapen nagusian berretsi da. Madrilgo Kongresuak amiantoaren biktimentzako konpentsazio funtsa onartzea eskatu du, “kaltearen ordaina bizi diren artean jaso dezaten”.