argia.eus
INPRIMATU
Amets Arzallus
“Orain denak daude euskararen alde, baita bere heriotza diseinatu eta praktikatu zutenak ere”

Estitxu Eizagirre @eeizagirre 2018ko azaroaren 22a

ETBk Euskaraldiaren harira egindako saioan, Edurne Azkaratek elkarrizketatu du Amets Arzallus Saran. Bertan eginiko adierazpen hauek asko zabaltzen ari dira sare sozialetan:

Amets Arzallus "Orain, eta Euskaraldian zehar ikusiko da, mundu guztia dago euskararen alde, baita euskararen heriotza diseinatu eta praktikatu zutenak, eta haien oinordeko denak ere.

Baina diskurtso horiek badute tranpa bat erdian, euskara onartzen dute baina bere eremutxoan, bere bazter horretan. eta ahal baldin bada trabarik egin gabe besteei. Hortik ateratzen denean, eta besteen pare jarri eta erdiguneratzen denean, orduan gatazkak sortzen dira. Eta gatazken aurrean, guk ere askotan konplexuz betetako diskurtsoak eta argumentuak ditugu.

Euskaldun batek beti bere burua justifikatu behar duela dirudi. Bai bere lagunarte hurbilean, edo parlamentu batean... euskaldunak beti darama berekin bere burua justifikatu beharraren zama. Eta zama hori benetan da nekagarria eta harrigarria. Nire ustez, justifikatu beharko balu norbaitek bere burua, ez dakienak justifikatu beharko luke. Baina ez, hemen erantsi diote zama hori, dakienari.

Gutxiagotasun horretatik atera behar badugu, eta menperakuntza honetatik behingoz, gure burua gutxiago justifikatu eta konplexurik gabe egin beharko dugu euskara erdigunera ekartzearen pauso hori, hierarkia kultural eta linguistikoak hautsi egin behar dira eta elkarren parean jarri behar dugu eta euskara ardatzera ekarri".

Laugarren minutuan dago irakurri berri duzun pasartea. Baina merezi du elkarrizketa osorik entzutea. 7 minutu dira guztira.