argia.eus
INPRIMATU
AEBetako erresistentzia indiarraren sinbolo Russell Means zendu da
  • AEBetako Dakota herriaren buruzagi historikoa eta AEBetako jatorrizko herrien arteko figurarik errespetatuenetakoa zen Russell Means hil da. Duela urtebete minbizia diagnostikatu zioten eta 71 urterekin hil da joan den urriaren 22ean. Ameriketako Mugimendu Indiarreko (AIM ingelesezko sigletan) buruzagi historikoaren errautsak Black Hills dakotarren mendi sakratuan zabaldu dituzte. Meansek FBIren aurkako matxinada gidatu zuen 1973an 71 egunez.

2012ko urriaren 26a
Russell Means AEBetako Gobernuaren egoitza batetik ateratzen 1974an, aurreko urtean Wounded Knee herrixkan gertatuagatik deklaratzera joan ostean.

Heriotzak AEB osoko indiarren artean erreakzioak eragin ditu, azken urteetan politikaren lehen lerrotik aparte bizi bazen ere. Bera kide zen tribu Oglala Dakotako buruak bere bizitza konprometitua, dedikazioa eta herriarekiko maitasuna goraipatu ditu, eta ekainaren 26a Russell Means Eguna izendatu du.

Leonard Peltier indiarren sinbolo bilakatu den presoak bere webgunean argitaratutako ohar baten bitartez adierazi du "garai hartako gazte guztiontzat inspirazioa" izan zela Russellen borroka.

Russell Means Pine Ridge indiarren erretserban jaio zen 1939ko azaroaren 10ean, eta lau anai-arrebetan zaharrena zen. Indiarrei inguru urbanoan bizitzen laguntzeko erakundea sortu zuen eta honen zuzendari izan zen hainbat urtez. Bertan AIMrekin lehen harremanak izan zituen eta erakunde honen buru ezagunetako bat egin zen denbora gutxian. Bere jarduna ez zen AEBetara mugatu eta Hegoamerikako indigenekin harremanak izan zituen, gehienbat Nicaraguakoekin.

AIMren buruzagi gisa egin zen ezagun 1970. urtean, AEBetako Gobernuak indiarrak bigarren mailako herritar gisa tratatzen zituela salatzeko egindako hainbat ekintzarekin. Besteren artean, 1972an antolatu zuen Washingtondik karabana eta amaieran AEBetako Gai Indiarretarako Bulegoa okupatu zuten ehundaka dokumentu suntsituz; Cleveland Indians baseball taldeko "Chief Wahoo" maskotaren aurkako ekintzak bultzatu zituen sinbolo arrazista eta indiarrekiko gutxiesgarria zela salatuz, edo Wounded Knee herria okupatu zuten.

Azken hau da bere ekintzarik sonatuena. 1973an bi hilabetez, ehundaka indiarrek eta hauen kausaren aldeko ekintzaile zuriek Wounded Knee herrixka okupatu eta bertan erresistentzia antolatu zuten Russell gidari zela. Leku sinbolikoa hautatu zuten, bertan 1890. urtean AEBetako armadak 350 gizon, emakume eta ume dakotar hil baitzituzten. AEBetako Gobernuak indiarrekin sinatutako hitzarmenak bete zitzala eskatzen zuten, baita "Gobernu tribal ustelak" amaitzea ere.

Bi aldeak armatuta, 71 egunez herrixkan eutsi zioten tiroketa artean. Hedabideen harreta bereganatu zuen ekintzak eta bi hilabeteko jarraipena egin zioten, gertaerari sona handia emanez AEB mailan. Bi indiar eta polizia bat hil ziren egunotan. Amaieran, Russell Means eta Dennis Banks buruzagiak atxilotu zituzten, baina epaiketa luze baten ostean, indiarrei egindako bidegabekerietan zentratutako defentsaren ostean, kasua artxibatzea erabaki zuen epaileak.

1974an AIMren buruzagitza utzi eta bere jaioterriko Oglala Sioux Tribuko presidentziara aurkeztu zen eta 200 botogatik galdu zuen. Eztabaida sutsuak izan zituen beste hautagaiarekin, eta herritarrak intimidatu zituelako irabazi zuela salatu zuen Meansek.

1995. urtean Where White Men Fear to Tread autobiografia argitaratu zuen, beren mundu ikuskera azalduz. Bertatik hartua da ondorengo pasartea:

"Milaka urtez, indiarrok lurraren parte izan gara. Larreen, basoen eta mendien parte izan gara. Belar zati bakoitza, landare bakoitza, zuhaitz bakoitza ezagutzen genuen. Haizeak eta hodeiak ezagutzen genituen, ibaiak eta lakuak. Hegan edo lurretik arrastaka igarotzen diren izaki bakoitza ezagutzen genuen. Lurraren parte gara, baina ez gara Lurreko gauzarik garrantzitsuena. (...) Zoritxarrez, gizon zuriak bere zentzumenen plazerrarekin lotzen du zoriontasuna. Nire osaba Matthew Kingek esan ohi zuen burua astinduz: "Gizon zuria ume txiki bat bezalakoa da, pazientzia izan behar duzu berarekin". Baina Amona Lurrari pazientzia agortzen ari zaio. Hemengo eta mundu osoko herri indigenei gizarte Eurozentrikoek egin dietena, orain beren buruari egiten ari dira; lurra, airea eta ura kutsatuz, batak bestea abusatzen du Amona Lurraz abusatzen duten bezala. Espezieen suizidioaren amildegira heltzen ari gara".

Russell ezagun egin zen Hollywoodeko hainbat filmetan agertzeagatik, besteak beste, mundu mailan ezagun egin zen The Last Mohican filmean parte hartu zuen eta Pocahontas marrazki bizidunetan ahotsa jarri zion pertsonaietako bati.

Milaka pertsonak eman zioten azken agurra eta Rapid City Journal egunkariaren webgunean ikus daitezke ekitaldiko argazkiak.

Informazio gehiago:

Russell Meansi buruzko ordubeteko dokumentala sarean ikus daiteke (ingelesez).