argia.eus
INPRIMATU
Ameriketako Estatu Batuak: munduko azken paradisu fiskala
  • Informazioa automatikoki trukatzeko nazioarteko akordioa (Common Reporting Standard) jarriko dute martxan urtarrilean. Modu horretan, biztanleek atzerrian dituzten finantza aktiboak ezagutu ahal izango dituzte herrialdeek. AEBek, ordea, ez dute akordioarekin bat egin, eta hainbat adituk “Suitza berria” ezizena jarri diete dagoeneko.

Ainhoa Bretos @ob_ainhoa 2016ko abenduaren 19a
Citygroup bankuaren egoitza, New York

Ekonomia Lankidetza eta Garapenerako Antolakundeak (ELGA) babestu du informazioa automatikoki trukatzeko akordioa, paradisu fiskalen opakotasunarekin amaitzea xede. Baina AEBek, ez dute nazioarteko prozesuarekin bat egin, akordioaren hasierako erregulazioa iradoki zuten arren.

2001eko irailaren 11n gertatutako atentatuen ondorioz, paradisu fiskalen kontrako kanpaina abiarazi zuten AEBek, eta FATCA (Foreign Account Tax Compliance Act) sistema onartu zuten. Horri esker, zergen inguruko informazioa elkartrukatzen du beste ogasunekin. Bestalde, estatubatuar guztien datuak eskatzen dituen arren (egoiliar fiskalak izan ala ez), pertsona fisiko direnen kontuak besterik ez ditu eskaintzen. FATCA sistema sinatu duten gainerako herrialdeak, ordea, estatubatuarren inguruko datu guztiak ematera derrigortuta daude, egitura sozietario eta trust deritzona barne.

Informazioa automatikoki trukatzeko nazioarteko akordioan herrialde biak daude datuak ematera derrigortuta. Alde azaldu dira Europar Batasuneko herrialde guztiak, Austria izan ezik, nahiz eta horietako batzuk ez dauden prest sistema 2017an martxan jartzeko, eta atzeratu egin duten. Guztira 104 jurisdikziok onartu dute akordioa. Horietako batzuk Estatu izena ez duten lurraldeak dira.

Sistema horretan, bankuak dira datuak ematera derrigortuta dauden subjektuak, eta ez zergadunak. Gobernuak 2017ko maiatzean hasiko dira 2016ko datuak jasotzen. Orduan bidaliko dituzte bakoitza dagokion herrialdera. Modu horretan, frantses batek Alemaniako banku batean duen diruaren inguruko datuak jasoko ditu Frantziak, esaterako. Zergadunak ez du ezer egin behar (gezurrik ez esatea izan ezik), datuak modu automatikoan azalduko baitira.

Aurreikusitakoaren arabera, 2018an ez da zerga babeslekurik egongo munduan, Delaware, Nevada, Hego Dakota eta Miami izan ezik. Adituen ustez, egitura sozietario opakoek AEBetara migratuko dute, akordioa sinatu ez duten herrialdeen artean, beharrezkoa den segurtasun juridikoa eskaini dezakeen bakarra direlako, eta zigorgabetasuna askoz handiagoa delako han, dirua bertan ezkutatua dutenentzat.