Urtarrilean eta otsailean, Ukrainako inbasioa hasi gabe zegoela baina gerra hotsak ozen jada, seko harritu ninduen gauza batek: gerra ekidin eta gatazkari irtenbide bat emateko bidea AEBetako eta Errusiako gobernuen edo zuzenean Putin eta Bidenen arteko elkarrizketak izango omen ziren. Harrituta ere, inor ez zelako asaldatu balizko mahai horietan Ukrainari tokitxo bat ez egiteagatik –antzerki demokratiko gutxienekoaren begirunez, besterik ez bada ere–, ezta Europar Batasunari –geopolitika eta botere kontua bada dena, zer dakit nik, Ukrainarekin mugakidea den ustezko potentziari, berriz ere gutxieneko antzerkiarekiko errespetuz–. Mendebaldeko ekimen politiko eta mediatikoa AEBetan eskuetan zegoen nabarmen. Are harrituago ikusi nuen nola pasa ziren AEBak bigarren plano batera behin gerra piztuta, protagonismoa Europar Batasunaren esku utziz. AEBek markatutako gidoia orpoz orpo jarraitzen zuen Europar Batasunaren esku, baina. Lehenbiziko egun haietakoak dira EBko di-plo-ma-zi-a buru Josep Borrell “generalaren” adierazpen militaristak, bide diplomatikoez hitz egitea Errusiaren konplize izatearekin parekatuz.
Ordutik, ezin ulertu nabil EBren posizioa. Ez ezer espero nuelako justizia terminoetan. Baizik eta ez nuelako uste hain etxekalte eta AEBen menpe arituko zenik ekonomikoki eta politikoki, zentzu kapitalista eta geopolitiko hutsetan.
"Kaltea Europar Batasunarentzako hain agerikoa izanda, agian galdera interesgarriena hau da: zein mekanismo erabiltzen dute AEBek Europari bere politikak inposatzeko?"
Berriki Rafael Poch kazetari eta unibertsitate irakaslearen La invasión de Ucrania (Ukrainaren inbasioa) irakurri dut (irakurketa bikaina gertatzen ari dena historikoki testuinguratu eta ulertzeko). Eta harridura areagotu besterik ez zait egin, bertan ikusten baita Europako herrialdeak bai saiatu direla zenbait unetan Errusiarekin bestelako harreman batzuk eraikitzen. Adibidez, 1990ean Pariseko Gutuna sinatu zuten Europako herrialdeek, SESB barne. “Konfrontazioaren eta banaketaren aroa amaitu da Europan (...) Estatu bakoitzaren segurtasuna estuki lotuta dago gainontzekoen segurtasunari”, zioen gutunak. Edo, 2014an, Maidan plazako liskar eta heriotzen beroan, EBk gatazkaren irtenbide ‘ordenatu’ baterako akordio lortu zuen Yanukovich presidente errusiarzalearekin. AEBek ekimen horiek zapuztu zituzten, zuzenean edo NATOren bidez, Ukrainako barne politikan eraginez...
AEBen jarrera salagarria izan daiteke, baina ulertzen oso erraza da. EBren eta Errusiaren arteko harreman ekonomiko eta politikoak zartatuz EB kate motzean lotzen du mundu mailako hegemonia politikoaren lehian, eta hurrengo urteetan negozio borobila egingo du guri armak eta gasa (Errusiarena baina dezentez garestiago) salduz. Baina, hitzaren adiera berekoienean, zein da EBren onura? Ondorio argirik gabeko gerra bat piztu da bere lurretan, Errusiarekin eremu estrategikoetan zituen negozioak galdu ditu, Txinarekin harremanak baldintzatu, bere ahultze ekonomiko eta politikoan sakontzen ari da... (herritar xumeok ordainduko dugu hori dena, jakina).
Kaltea EBrentzako hain agerikoa izanda, agian galdera interesgarriena hau da: zein mekanismo erabiltzen dute AEBek Europari bere politikak inposatzeko? Mehatxua? Sedukzioa? Eroskeria? EBko herrialdeen artean banaketa sustatzea? Herrialdeetan zuzenean eragin gobernuen gainetik?... Ze proportzioan bakoitza? Ondo legoke hori eztabaida publikora eramatea, EB autonomia pixka batez aritzeko aukerari leihotxo bat bederen irekitzeko. Hondamendian sakontzeari uzteko ez litzateke nahikoa, ezta urrik ere, baina bai ezinbestekoa.