argia.eus
INPRIMATU
Amenabarrek 50.000 euro eskatu dizkio Berangoko bizilagun bati “enpresaren irudia zikintzeagatik”
  • Berango Lurraren Defentsan taldeko kide bati irainak eta kalteak egitea leporatu dio eraikuntza-enpresak. Irratsaio batean pertsona horrek esandakoak oinarri hartuta abiatu du Amenabarrek prozesu judiziala.

Axier Lopez @axierL 2022ko otsailaren 17a
Berango Lurraren Defentsan kolektiboaren manifestazioa apirilan. Foto: BLD

Berango Lurraren Defentsan kolektiboaren izenean irratsaio batean parte hartu zuen pertsona baten aurkako prozesu judiziala abiatu du Amenabarrek. Besteak beste, enpresaren irudia kaltetzen duten kartelak eta pankartak jarri izana leporatu diote, eta horren ordainetan 50.000 euroko isuna ordaintzea eskatu du enpresak. Lurraren Defentsan kolektiboak salatu duenez, Amenabarrek justiziari eskatu dizkio kolektiboaren sare sozialak eta posta erabiltzen dituzten pertsonak identifikatzeko, haien aurka ere salaketa egiteko.

Bizkaiko Uribe Kostako herri horretako berdeguneak eta ingurunea babesteko asmoz jaio zen kolektiboa; tartean, herrian polemika piztu duen Otxabeneko hirigintza planak bultzatuta. Taldeak salatu duenez, Berangon 2.326 etxebizitza eraikitzea aurreikusita dago, gaur egun daudenen kopurua ia bikoiztuz. Berriki salatu dute etxeak eraikitzeko Berangoko Udalak hainbat lur publiko eman ziola Amenabar enpresari, urte luzez abandonatuta izan den Ikaza jauregiaren jabetzaren truke. Taldeak emandako datuen arabera, Amenabarren Inmogroup enpresak 2,1 milioi euroko balioa ezarri zion jauregiari eta udalak ontzat eman zuen tasazioa, "bigarren iritzirik eskatu eta eraikinera sartu gabe ere".

Amenabarrek Berangon duen bulegoaren aurrean, "auzotarrari elkartasuna adierazteko eta enpresaren mehatxuak" arbuiatzeko elkarretaratzea antolatu dute otsailaren 23an.