argia.eus
INPRIMATU
Amazoniako indigenen lurrak deforestatzaileen esku utzi ditzakeen legea onartu du Brasilgo Kongresuak
  • Amazoniako lurrak demarkatu eta indigenenak direla aitortzeko muga gehiago jarriko dituen legea onartu du Brasilgo Kongresuak. Luiz Inácio Lula da Silvaren gobernuak legea kritikatu du eta "araututako genozidio" bat dela esan du. Indigenek hainbat egun daramate protestan, eta errepide nagusiak moztu dituzte.

Urko Apaolaza Avila @urkoapaolaza 2023ko maiatzaren 31

Brasilen, 1988ko urriko Konstituzioa onartu baino geroago okupaturiko lurrak ez dituzte aitortuko indigenen lur bezala. Hala erabaki du astearte honetan Brasilgo Parlamentuak 283 boto alde eta 155 kontra izan dituen lege proiektua onartuta.

Hemendik aurrera, jatorrizko herri indigenek frogatu beharko dute 1988. urtea baino lehen lur horiek etengabe okupatu zituztela eta jarduera produktiboentzako erabiltzen zituztela, erreserba bezala demarkatu ahal izateko.

Eragin handiko neurria da, betidanik indigenenak izan diren Amazoniako lurrak demarkatu eta aitortzeko muga handia ezartzen baitu legeak. 1980ko hamarkadan herri indigena ugari euren lurretatik bota zituzten diktadura militarraren ondorioz, eta beraz, 1988an askok oraindik ezin izan zuten euren jatorriko lurretara itzuli. Ezin dute halakorik frogatu.

Brasilgo Kongresuan lege proiektua onartzeko unean. Bolsonaroren aldekoak gehiengo dira oraindik erakunde horretan. Argazkia: Brasilgo Kongresua

Legeak lur horiei babesa kendu eta, meatzaritza enpresei eta deforestazioa egiten ari diren egurgileei ateak irekiko lizkieke. Célia Xakiriabá Brasilgo Kongresuan ordezkari den indigena bakarrenetakoak gogor kritikatu du erabakia: "Eraso etengabeen gainetik, herri honetako lur indigenek bizirik mantendu dituzte basoak eta biomasa", azaldu du legearen kontrako sinadura bilketa eskatzeko ohar batean.

Brasilgo Gobernuak ere neurria kritikatu du. Lula da Silvaren gobernua kontra azaldu da eta Herri Indigenen Ministerioak "araututako genozidioa" dela esan du.

Indigenak protestan

Asteartean guarani talde batek Sao Pauloko errepide nagusienetako bat moztu du legearen kontra protesta egiteko. Telesur telebista kateak, tokiko hedabideak iturri gisa aipatuta, esan du Jaragua herri guaraniko herritarrak manifestatu direla Bandeirantes errepidean, eta Poliziak negarra eragiteko gasa erabili duela haien kontra.

Horrez gain, astelehenean Sao Pauloko Unibertsitateko Zuzenbide Fakultatean ere lege proiektuaren kontra mobilizatu dira ikasleak.

2007tik atzera eta aurrera dabilen egitasmoa da lurren demarkazioa oztopatzeko legea. Jai Bolsonaroren garaian indarra hartu zuen berriz, eta orain, Lularen itzuleraren testuinguruan, oraindik Kongresua kontrolatzen duten eskuineko indar politikoek urgentziaz tramitatu dute legea. Kongresuan onartua izan ondoren, Brasilgo Senatutik ere pasa beharko du, hala ere.