Amazon banaketa konpainiaren Europako milaka langile greban daude gaur enpresak 'Prime Day' promozio bereziko egunak ospatzen dituela aprobetxatuz. Liburu eta diskoetatik hasita edonolako kontsumo gaien banaketa eta komertzializazioa kasik monopolizatu duen Amazoneko langileek soldaten igoera eta lan baldintzen hobetzea eskatzen dute.
Madril ondoko San Fernando de Henaresen Amazonek daukan banaketa MAD4 gune erraldoian ari dira egiten Europa osoko protestarik jendetsuena, hiru eguneko lan uztea antolatuta. Denetara dauzkan 1.800 enplegatuetatik, sindikatuek diotenez kontratu finkoa dutenen %80 gelditu zen lehen egunean, astelehenean, eta enpresa bere jarduerari eutsi nahian ari da ETT aldi baterako lan konpainietatik kontratatutako behargin ez-finkoekin.
Madrilgo langileok joan den martxoan beste bi eguneko greba egina zuten eta sindikalistek salatu dutenez "oraingoan enpresa hobeto prestatu da": poliziei dei egiteaz gain, piketeen eragina gutxitzeko lantoki erraldoiaren sarbide guztiak itxi ditu, hauetan ere goardak jarrita. Langileen ordezkariek bezala prentsak azaldu dute atzo ohikoa baino askoz mugimendu gutxiago ikusi zela San Fernando de Henaresko poligono horretan, baina enpresak arrapostu egin du Amazonek bere banaketa segurtatuta daukala Europako beste azpiegituretatik.
Europan, ordea, Amazon gehiagotan ere badira protestak. Asteartean, 17, Alemaniako sei banaketa gunetako milaka langilek egingo dute greba eta protestak egiten ari dira Poloniakoak ere, Washington Post eta beste zenbait hedabidek zabaldu dutenez.
Amazonek sortutako Prime Day promozioa da, diote, udako Black Friday baina hiru egunekoa, urte osoko salmentarik onenak udako opor giroko hiru egunotan burutzen ditu konpainiak. Horregatik hautatu dute data sindikatuek beren eskakizunen alde presio egiteko. Madrilgo MAD4ko langileei Amazonek 2016an eten zien ordura arte zeukaten enpresa konbenioa eta logistika alorreko Espainia mailakoa ezarri, baldintza kaxkarragoak dituena.