argia.eus
INPRIMATU
Amazonen Hegoafrikako egoitzaren obrak geldiarazi dituzte, indigenen eskaerak aintzat hartu ez direlako
  • Patricia Goliath epaile hegoafrikarrak  eman du agindua Amazon konpainia Lurmutur Hirian eraikitzen ari zen egoitza eta biltegiaren obrak geldiarazteko, khoisan komunitate indigenen aldarrikapenak aintzat hartu ez direlako. Salatu dutenez, Amazon "lur sakratuetan" eraikitzen ari da.

ARGIA @argia 2022ko martxoaren 21
Iaz, Amazon eta beste konpainia batzuen aurka egindako protesta batean erakutsitako kartelak / IOL

Epaileak azaldu du ez dela proiektuaren beraren aurkako erabakia, baizik eta helburua dela promotoreek khoisan komunitateko kideen artean galdeketa bat antola dezatela behartzea. Ebazpenean dioenez, auziak "herri indigenen eskubideei" dagokie: "Proiektuak onura ekonomikoak, azpiegiturei dagozkionak eta publikoak dituen arren, ezin dira jatorrizko herrien oinarrizko eskubideen gainetik jarri".

Indigenentzat sakratuak dira lur horiek, europar kolonizatzaileen aurkako erresistentzia-gunea izan zirelako 1510ean. Obrak jada abian zeuden.