argia.eus
INPRIMATU
Amazonen estrategiari aurre egin eta liburu denda txikiak lagundu nahi dituen Frantziako lege berria
  • Amazon ahalguztidunak bidalketa gastuak kobratu gabe banatzen ditu liburuak, baina liburu denda txikiek ezin dute halakorik egin, bizirauteko etekin duin bat jaso nahi badute. Horri aurre egiteko, zehazteke dagoen gutxieneko bidalketa gastu kopuru bat kobratzera derrigortuko du Frantziako Gobernuak.

ARGIA @argia 2021eko azaroaren 09a

Berez, ezin da bidalketa gasturik kobratu gabe libururik bidali etxeetara, baina zer egiten du Amazonek? 0,1 euro kobratzen du, araudiari muzin egiteko. Liburu denda txikiek ezin dute halakorik egin, bidalketa 6-7 euro kobratu beharrean izaten dira, zulo ekonomikorik ez egiteko. Gero eta gehiago saltzen eta erosten dugu internetetik –Frantziako Estatuan 2019an saldutako liburuen %20a internet bidez saldu zen–, eta pandemiak eta konfinamenduak izan du eraginik lege berri honetan.

Plataforma handiekiko liburu denda txikiak babesgabe daudela eta handiek “konpetentzia desleiala” egiten dutela iritzita, 2022an ezarriko dute zenbat eurokoa izango den liburu bidalketa bakoitzagatik derrigorrez kobratu beharko den gutxienekoa.