argia.eus
INPRIMATU
Amazoneko langileek greba deitu dute Espainiako Estatuan, Black Friday eta Cyber Monday kanpaina betean
  • Espainiako lantoki guztietan lanuzteak iragarri dituzte azaroaren 27 eta 28rako. Soldata baxuak eta lan-babes eskasa salatu dituzte.

Mattin Azpiroz Pagola 2023ko azaroaren 21
Argazkia: Scottish Government CC BY-NC 2.0.

Greba deitu du CC.OO. sindikatuak Espainiako Amazonen lantoki guztietan. Langileen asmoa ordubeteko lanuzteak egitea da txanda bakoitzeko azaroaren 27an eta 28an, Black Friday eta Cyber Monday kanpaina egunetan.

Langileek salatu dute Amazonek ez duela langileen osasuna babesteko neurririk hartzen lanak osasun kalteak eragiten dituenean. Halaber, adierazi dute istripuak kudeatzeko sistema eta segurtasun neurrietan “akatsak” daudela.

“Lan-erreklamazioak ebazteko baliabide gutxi” daudela nabarmendu dute, esaterako, nomina kobratzeko arazoak dituztenean eta baimen edo oporren kudeaketan: “Giza baliabideen tokian-tokiko sailek baliabide geroz eta gutxiago dituzte, eta egoera okerragotzeko, prozesu batzuk kanpora ateratzeak nabarmen hondatu du emandako laguntza”.

Soldatekin ere ez daude konforme. Langileen hitzetan, Amazonek probintzia bakoitzeko “gutxieneko soldata” ordaintzen du, eta ordainsari horiek ez dituzte konpentsatzen “konpainiak ezarritako lan-karga eta eguneroko eskakizunak”.

Sindikatua, desadostasun horiek konpontzeko asmoz, prest agertu da greba saihesteko SIMA erakundearen bitartez bitartekaritzara jotzeko. Amazonek, ordea, bere jarduna defendatu du eta aldarrikatu du soldata lehiakorrak, langileentzako onura integralak eta lan-ingurune moderno eta segurua eskaintzen dituela.

Beherapenak, arazoen iturri

Black Friday (azaroaren 24an) eta Cyber Monday-a (azaroaren 27an) gerturatzen ari diren testuinguru honetan, Ertzaintzak ohartarazpen bat adierazi du ziberiruzurrak direla eta, egun horietan kasuek igoera esponentziala izaten baitute. Mehatxu horiek ikusita, gomendioak eskaini ditu kontsumitzaileek online erosketa seguruagoak egin ditzaten, handiagoa baita iruzurren kopurua egun horietan.

Ertzaintzak proposatutako prebentzio-neurrien artean honako hauek daude: eskaintza-esteketan klik egitean neurriak hartzea, saihestea wifi sare publikoak erabiltzea datu pertsonalak edo finantzarioak sartzean, webguneen benetakotasuna egiaztatzea, itzulketa-politikak berrikustea, ordainketa-metodo seguruak erabiltzea, hala nola txartel birtualak edo PayPal, banku-mugimenduak monitorizatzea eta pasahitzen kudeatzaileak erabiltzea.