Amazonen historiako bigarren erosketa handiena da —Whole Foods supermerkatuak erosi ondoren, 2017an, 13.700 milioi dolarren truke—. MGM estudioen ibilbidea telebista-programak ekoiztera bideratu da gehienbat.
Amazon merkataritza elektronikoko erraldoiak martxoaren 26an Metro-Goldwyn-Mayer (MGM) zinema-estudioa erosi du 8.450 milioi dolarren truke (6.900 milioi eurotik gora).
El Diario.es komunikabide digitalean irakur daitekeenez, bi konpainiek komunikatu bateratu batean nabarmendu zuten Amazonek "filmen ondarea eta katalogoa gordetzen lagunduko duela" Hollywoodeko estudioan. Joan den mendeko 20. hamarkadako 4.000 titulu dituen eduki-artxiboa dute MGM estudioek."Hitzarmen honen ondoren, benetako finantza-balioa jabetza intelektualeko altxorra da, MGMko talde talentudunarekin batera birimajinatu eta garatu nahi dugun katalogo handian ezkutatua", adierazi du oharrean Mike Hopkins Prime Video eta Amazon Studioseko lehendakariordeak.
"Erosketa horren bidez, Amazonek MGM ahalduntzen du ondoen dakitena egiten jarraitzeko: istorio handiak kontatzea", dio merkataritza elektronikoaren erraldoiak. Albistea egiaztatu ondoren, Amazonen akzioek ia ez zuten aldaketarik nabaritu Wall Streeten.
Enpresen iritziz, MGMren ibilbide mendeurrenak "Amazon Studios-en lana osatzen du, batez ere telebista-programak ekoiztean zentratu baita", eta, urrats horri esker, entretenimenduaren sektorean zabaltzeko asmoak berresten ditu. MGMren katalogoak zine arloan, James Bond frankizioa eta Gone with the Wind bezalako klasikoak barne hartzen ditu, baina baita 17.000 telebista-serie ere. Hala nola The Handmaid's Tale, Fargo edo Vikings, eta taldean 180 Oscar sari eta 100 Emmy irabazi dituzte.